euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xarnege euskal-gaskoi musika taldeak instrumentu eta soinu berriak aurkeztuko ditu Mexikon egingo duen biran

2008/04/14

Xarnege musika taldeko bost kideak
Xarnege musika taldeko bost kideak

PUBLIZITATEA

Xarnege musika taldea euskal eta gaskoi instrumentu, melodia eta dantzen artean dauden antzekotasunak sakonago aztertu eta ezagutu nahi zituzten musikariek sortu zuten duela bost urte. Denbora tarte honetan Euskal Herrian, eta atzerrian ere kontzertu ugari eskaini dituzte. Hilaren amaieran eta maiatzaren hasieran Mexikon arituko dira bigarren urtez jarraian. Guadalajaran, Chiapasen eta Mexiko DFn instrumentu berriekin landutako abestiak eskainiko dituzte kontzertuetan.
Guadalajara (hilaren 26 eta 27an), Chiapas (maiatzaren 1ean) eta Mexiko DF (maiatzaren 2 eta 3an) hiriak izango dira Xarnege musika taldearen hurrengo geltokiak. Amerikar lurraldean eskainiko dituzten kontzertuetan, kideek berrikuntza ugari aurkeztuko dute. 'Ixo. Sho' disko berriaren grabazioa amaitu berria dute eta bertan instrumentuei dagokienez aldaketa eta berritasun ugari dakartzate. 'Txirula, ttun-ttun, alboka, biolina, zanfona, Landetako kornamusa, gitarra eta besson-az gain, akordeoi diatonikoa, albokotea (alboka grabeago bat) eta Landetako kornamusa hasi gara erabiltzen', aipatzen du Juan Ezeiza Xarnegeko kideak.

Bigarren urte jarraia da euskal-gaskoi taldeak Mexikon kontzertuak eskainiko dituena. 2007an Mexikoko hiriburuan emanaldiak eskaini zituzten: Euskal Etxean eta 'Ollin Kan' jaialdian. Bertako kontzertuetan balorazio 'positiboa' egin eta esperientzia 'oso polita' eduki ondoren, jaialdiko antolakuntzak berriro ere gonbidatu du Xarnege. Gainera, 'gure musika tradizionalak ozeanoaren beste aldeko jendearekin lortu zuen harreman onak asko harritu gintuen', azpimarratzen du musikariak.

Euskal Etxeetan emanaldiak

Urte hauetan zehar musika taldeak zenbait lurraldetako euskal etxeek antolatutako ekimenetan parte hartu du ere. Horren adibide dira Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen 'Euskal Herria Sona!' jaialdia eta Mexiko DFn egon ziren bitartean, Euskal Etxean eskainitako kontzertua. 'Baztango Eguna ospatzen zutela aprobetxatuz, kontzertua eskaini genien, eta beraiek bazkaltzera eta ospakizunean parte hartzera gonbidatu gintuzten. Inoiz ez genuen pentsatu Txuri ta Beltz platera (odolkiz eginiko Baztango plater tipikoa) jango genuenik Mexikon', azpimarratzen du Ezeizak. Aurten esperientzia errepikatuko dute.

Taldea sortu zenetik bost urte pasa dira eta kideek sorpresa ugari hartu dituzte 'euskal eta gaskoi tradizioen arteko berdintasunak ugariak' zirela ikustean. Hain zuzen ere, taldea sortzeko garaian musikariek bazekiten euskal eta gaskoi instrumentuak, melodiak eta dantzak oso antzekoak zirela, beraz, bi tradizioen arteko topagunea aztertzea erabaki zuten. Abestiei dagokienez, 'gure abestien letrak tradizionalak dira eta bizitza, amodioa, herrimina edota heriotzari buruz hitz egiten dute. Ez dakit zerbait berezia aldarrikatzen dugun, agian sustraietatik sortzearen eskubidea edukitzea. Herri bat abesten, dantzatzen eta hitz egiten duen modukoa da. Gurea gutxiengoa duen kultura baldin bada, gure musika gutxitua da', azpimarratzen du Juan Ezeizak. Mexikoko bira ondoren, Xarnege Italian, Frantzian, Espainian eta Portugalen arituko da.


Lotura interesgarriak

Xarnege musika taldearen webgunea
www.xarnege.com

Xarnege taldea Mexiko DFko Euskal Etxean
2007ko maiatzaren 4ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia