Eskolak 1952. urtean Munduko Xare txapeldunordea izan zen Nelson Vigo-ren izena izango du eta izen handiko pilotarien sorlekua izan zen Uruguaiko Salto herriko Círculo Sportivo delakoan funtzionatuko du. Inaugurazioan, anfitrioiekin batera, Buenos Airesko Laurak Bat eta Gure Etxea euskal etxeetako Eskoletako ordezkari eta kirolariek ere hartu zuten parte. Irekitze ekitaldiaren baitan omenaldia egin zieten antolatzaileek Jose Roque Alfieri eta Elbio Liberatore pilotariei euren ibilbideengatik.
Salto, Uruguay. Urriaren 10etik 12ra Euskal Pilota munduarekin lotura duten bi ekitaldi garrantzitsu gertatu ziren Uruguaiko Salton, bertako eta Argentinako hiriburuko kirolaren erreferenteak lagun.
Hiriko Circulo Sportivok, euskal etxeak, Panathlon Club-ek eta Udalak gonbidaturik, Buenos Airesko Laurak Bateko eta Gure Etxea-ko sustatzaile eta pilotariek partaidetza handia izan zuten Pilota Eskola berriaren inaugurazioan. Eskolari Nelson Vigo izena jarri diote proiektuaren arduradunek, Vigo izan baitzen munduko xare txapeldunordea 1952. urtean. Eskolaren egoitza, gainera, XX. mendean zehar Rio de la Plata eskualdeko ‘Xare-ren katedrala’ izandako Saltoko Circulo Sportivo izango da; izan ere, Nelson Vigo bera eta bera bezalako nazioarteko hainbat pilotari sortu ziren Circulo Sportivo-n, tartean Jose Pereira Lucas, Ariel Arralde, Cesar Galan Pose, Jose Roque Alfieri eta Elbio Liberatore.
Eskolaren inaugurazioarekin batera omenaldi bat egin zitzaien Jose Roque Alfieri-ri eta Elbio Liberatore-ri “izen handiko bi pilotari hauek gaur ere badirelako klubeko eguneroko bizitzaren parte”, adierazi dute ekintzaren antolatzaileek. Asteburuan zehar, xareri buruzko hitzaldiak eta eskolak eskaini, hiriko artisauekin kontaktuan jarri eta bi erakusketa burutu ziren, Gualeguayko Horacio Rodríguez eta Buenos Airesko Nicolas Sanabria, Roberto Elías (semea) eta Pablo Ubierna partaide.
Aipatzekoa da gainera, Concordiako euskal etxeak ere hartu zuela parte ekitaldian eta etorkizunari begira, elkarretaratzea errepikatzeko asmoa dutela, eskualdean beste eskola bat irekitzeko helburuarekin.
Esku Pilota eta Xare modalitateak zabaltzeko xedea duen proiektuaren koordinatzaileek esker beroak adierazi nahi dizkiete Saltoko Euskaldunen Taldea euskal etxeko Adela Soto Zudaire-ri, Círculo Sportivo-ko Jose Roque Alfieri-ri eta Panathlon Club-eko Eduardo Laffitte Ximenez-i haiekin izandako harreragatik, eta Concordiako euskal etxeko Patxi Etchevers Rosas-i Concordia hirian xare zabaltzeko egiten dituen ahaleginengatik.