euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xabier Mirandona, El Salvadorreko EEko lehendakari: "Ez dugu baztertzen Athletic-en Peña sortzea San Salvadorren"

2015/05/28

Iñaki eta Xabier Mirandona aita-semeak, San Salvadorreko EEaren sortzailea bata, egungo lehendakaria bestea, euren egoitza aurrean (argazkia EuskalKultura.com)
Iñaki eta Xabier Mirandona aita-semeak, San Salvadorreko EEaren sortzailea bata, egungo lehendakaria bestea, euren egoitza aurrean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Gutxi dira baina zalantzarik ez da gogor eusten diotela euskal sua El Salvadorren atxikitzeari. Datorren larunbatean, munduko beste hamaika euskal etxe, famili-etxe eta bilgunetan egingo duten bezala, pantailaren aurrera bilduko dira, eurak San Salvadorreko Euskal Etxearen egoitzan, Athletic-ek eta Bartzelonak jokatuko duten Espainiako Errege Koparen Finala ikusteko, ilusio handiz eta Athletic eta gainerako euskal taldeen zaleak elkarretaratze berera baturik.

Joseba Etxarri. Duela 33 urte San Salvadorren jaioa, Xabier, Enpresa Kudeaketan lizentziatua, bere aitak  Euskal Etxean utzitako arrastoaren jarraitzaile da, eta lan ederra eta merituduna egiten du egun bertako lehendakari legez. Aita, Iñaki Mirandona du, gautegiz-arteagatarra, Eibarren ere hazia eta hiri armagineko Armagintza Eskolan ikasia. Han ikasitakoarekin iritsi zen 1972an El Salvadorreko hiriburura, denborarekin bere konpainia propioa sortzeko, plastikoen alorrekoa, gaur egun ere abiada onean zenbait familiari lana ematen diena, tartean Iñaki eta Xabierrenari. Mirandona aitak, Euskaditik heldutako lagun talde txiki batekin --Iñaki Uribe, Jesus Kalonge, Angel Villagrá, Joseba Mirandona, Juan Blanco, Andres Aguirrezabal eta Asensio Otaegi tartean-- egun segitzen duen euskal elkartea sortu zuen 1987an. Ez da geroztik gehiegi hazi bertan jaiotako euskaldunen kopurua. Izan ere, "gutxi gara, baina tinko eusten diogu", diosku Mirandona semeak, Atlantikoaren bi aldeetan dauzkan erroez harro. Euskal Etxetik --edo Txokotik, bertan gehiagotan deitzen zaionez-- Euskal Herriko berriak segitzen dira, eta baita kirola ere, aitzaki guztiak --txarrak eta onak-- balio baitute hemen jendea bilarazteko.

San Salvadorren ere, munduko makina bat euskal etxe eta puntutan bezala, jakinminez ari baitira larunbatean Athletic-ek eta Bartzelonak jokatuko duten partidaren zain. Euskal Herriarekin bat egingo dute telebista pantaila medio, duela hilabete inguru azkenean lortu duten satelite-telebista seinalearen bidez. Bat egingo dute, hein horretan, azken asteetan Estatu Batuetan sortu diren Athletic-en bi peña berriekin, New York eta Boisen; edo esaterako satelite bidez partida segituko duten Venezuelako Caracas eta Caraboboko euskal etxeekin; Europan zeharreko hainbatekin --esaterako Bartzelona, Paris, Madril, Salou, Berlingo euskal etxeek deiturik--, Quebec-eko Montrealeko Euskaldunak elkartekoekin, Mexiko Hiriburukoekin, Floridako Miamikoekin, Argentina, Uruguai, Txile eta Peruko zenbait euskal etxeen hitzoduekin, edota Shanghain eta Sydneyko Gure Txokoen elkarretaratzeekin, soilik batzuk aipatzearren. Eurekin bat egingo dute El Salvadorren. Seguru aldameneko auzokideak partidak aurrera egin ahala konturatuko direla bertan zerbait seriusa gertatzen ari denaz, elkarretaratze polita eratu baitute partidaren inguruan.

Dena prest larunbaterako?

-Plan xinplea prestatu dugu. Hogeita hamarren bat batuko gara edo agian zertxobait gehiago, tartean zaharrak eta gazteak eta baita familiak ere haurrekin. Tortilla batzuk egin eta marmitakoa neronek prestatuko dut eta ez zaigu Arabar Errioxako ardorik faltako. Europa baino zortzi ordu lehenago bizi gara eta, beraz, eguerdi aldean geratu gara, han iluntzeko zortziak direnean. El Salvadorren afizio handia dago futbolarekin, baina prentsa eta zaleak ez dute Real Madrid eta Bartzelonaz haratago ikusten, eta partida hau, euren arteko lehia ez denez, diskrezioan pasatu da. Baina egia da eksalvadortar batzuk zuzendu zaizkigula, ez-euskaldunak, partida zale artean ikusteaz interesatuta, eta baliteke larunbatean gurera etortzea. Ez ote dugun Peña bat sortu behar galdetzen digute, eta egiari zor ez dugu batere baztertzen. Izan ere animatuta gaude, baina informazioa falta zaigu. Ni neu, partidak ematen dituen kanalera harpidetu gabe egonda ere, urten zortzi bat partida ikusten ditut.

Oker ez banago, apur bat kostu zaizue satelite-seinalea Euskal Ertxean ipintzea.

-Ez zuten ulertzen txoko bat zer den, ez dela jatetxe bat edo ekimen komertzial bat, eta ez dugula helburu komertzialik. Jende talde bat garela, lokala egokitu, sukaldea behar bezala gehitu eta biltzera gatozela hona, geuk erosketak eginez, otorduak geuk prestatu eta gero gastuak elkarren artean banatuz, irabazteko asmorik gabe, geure arteko harremana eta geure kultura eta moldeak mantentzeko. Hemen ez da honelakorik ezagutzen eta kostatu egin zaie txoko baten kontzeptua ulertzea. Gu ekimen apala gara eta ezin ditugu ordaindu jatetxeei eskatzen zaien 800 dolarreko tarifa komertziala, izan ere ozta-ozta ordain ditzakegu ohiko tarifaren hilabeteroko 31 dolarrak. Baina azkenean, duela hilabete bat-edo lortu genuen seinalea eta horri esker ikusi ahal izango dugu 30ean partida.

Euskal etxe txikia baina kementsua zarete.

-Argi daukagu izaten segitu nahi dugula. Geure delibero sendoaren indarra daukagu eta daukagun borondate irmoak gaitu aurrera eginarazten. Lokala txukun mantentzen dugu, gutxienez astean behin biltzen gara, asteazkenetan, eta euskal erreferentzia eta lagungarri izaten saiatzen gara, datozkigun bisitariak ere errezibitzen. Baina elkarteak, berez, hogei bazkide baizik ez ditu, kuota ordaintzen dutenak, eta gehiago izatea nahiko genuke. El Salvadorren badaude kooperazio lanetan dabiltzan euskaldunak, batzuk urte askotan hemen bizi direnak, eta beste batzuk epe jakin baterako etorriak Gobernuz Kanpoko Erakundeen programa jakinekin; baina hauek normalean hiriburutik kanpo bizi dira. Guk guztiak gonbidatzen ditugu, esaterako aste honetakoa bezalako ekitaldietara.

Elkarte irekia zarete.

-Euskaldunen abegikortasunaren erakusgarri garela pentsatzea gustatzen zaigu. Herrialdera datozen euskal ordezkaritzei eta enpresen eta partikularren bisitei gure esku dagoen harrera ematen saiatzen gara. Gure artean denetarik dago, hemengo arloak ondo ezagutzen dituzten jendeak, enpresariak, gobernuarentzat lanean ari direnak... eta prest gaide laguntzeko. Edonon hartzea komeni den zuhurtzia eta segurtasun neurriak hartuta, El Salvador herrialde ederra da bisitatzeko. Gauza asko dauzka egiteke, asko aurreratu beharra dauka azpiegituretan eta trebakuntzan. Azkenaldian energia berriztagarrien arloko bisitak errezibitu ditugu, ingurumen arlokoak; izan ere, euskal enpresa batek ordezkaritza ere zabaldu berria du, Parlamentuak lizitazioa eman baitio eguzki-panelak instalatzeko. Aukera asko daude hemen. Euskadiko gazte askok idazten digute gure emailera, eta esan beharra daukat guztiei erantzuten saiatzen garela.

Emaitza bat partidarako?

-Bi eta bat Athletic-en alde



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia