euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xabier Leteren ahotsa itzali da, baina bere ondareak indartsu dirau sarean eta teknologia berrietan (bideoak)

2010/12/08

Xabier Lete olerkari eta kantaria (Oiartzun 1944-Donostia, 2010) (argazkia ZaldiEro)
Xabier Lete olerkari eta kantaria (Oiartzun 1944-Donostia, 2010) (argazkia ZaldiEro)

PUBLIZITATEA

Larunbatean, abenduaren 4ean, hil zen Donostian Xabier Lete poeta eta kantaria eta, egunean bertan, Durangoko Azokan omenaldia egin zioten herritarrek, bere kantuak abestuz Landako pabilioiaren sarreran. Euskal Herriko Kantuzaleen Elkartearen deiari erantzunez 'Xalbadorren heriotzean' bezalako kantu ezagunek indar berria hartu zuten ehundaka lagunen ahotsetan. Euskal Herriko kulturan arrastoa utzi zuen Letek bere olerki, kantu eta idazkiekin, eta bizirik dirau ondare horrek euskaldunen bihotzetan. Sarean topa dezakegu horren isla.

Donostia-San Sebastián. Xabier Lete Bergaretxe idazle, poeta eta kantaria Oiartzunen jaio zen 1944ean. 1965. urtean Ez Dok Amairu taldea sortu zuen Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Jose Angel Irigarai eta Lourdes Iriondorekin batera. Talde honek Euskal Kantagintza Berria izeneko mugimendua jarri zuen abian, franskimoaren urte latz haietan kantua hizkuntza eta herri kontzientziaren berreskurapenerako tresna bihurtuz.

Ez Dok Amairu 1972. urtean desegin zen eta Letek, Lourdes Iriondo emaztearekin batera, kantagintzan jarraitu zuen. Kantua literaturarekin uztartzen jarraitu zuen Letek eta 1968an argitaratu zuen lehen poemategia. 2005. urtean Lourdes Iriondoren heriotza kolpe latza izan zen eta berebiziko isla izan zuen Leteren bizitzan, kantuan eta poesian. 2009an 'Egunsentiaren esku izoztuak' poesia-liburuagatik Euskadi Literatura Saria eman zioten. 2009ko apirilean Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren kidea ("jakituna") izendatu zuten eta 2010ean, ohorezko euskaltzain.

Sarearen bitartez mundu osoko euskaldunek omenaldia egin diote egunotan kantariari, doluminak agertuz eta bere lanak bilduz. Argia aldizkariak sare sozialetako arrapostua eta kantariaren hainbat bideo bildu ditu. Horietako batzuk jasotzen ditugu jarraian:

Facebook

Heriotzaren albistea jakin bezain pronto sortu zuen norbaitek abeslariaren zaletuak bilduko dituen orria.

Twitter

Egun osoan zehar animo mezuak idatzi zituzten euskal twitariek, eta heriotzaren berri jakin zenean, mezua minutu gutxitan errebotatu zuten erabiltzaileek. Ondoren bere kantuen letrak ta dolumin mezuak gailendu ziren. Mezu askotan egiten zaio erreferentzia abeslari eta poeta oiartzuarrari.

Spotify

Bilduma osoa ez badago ere, bere hamaika disko entzun daitezke streaming bidez Spotify-ko erabiltzaile izanez gero.

Bere obra

Literaturaren Zubitegian bere lanen erreferentziak topa daitezke.

Bere kantuen letrak bilduta daude Musikazblai.com webgunean, zenbait itzulita. Bertan abestirik komentatuena 'Xalbadorren heriotzean' da.

Zeruko Argian eta Argian ibili zen Lete urte askoan, artikuluak idazten. Dena den, askotan izenordeekin sinatzen zuten eta hauek ez daude aipatu zerrendan.

Biografia

Badok.info webgunean bere obrari buruzko informazio landua dago, argazki ugarirekin.

Wikipedian euskaraz ere informazio asko dago, baita katalanez, galegoz eta gazteleraz ere.

Youtube

Bideo plataforma hontan ber kantu ugari daude, noiz edo noiz erabiltzaileren batek zintzilikatuak.

Ni Naiz

Xalbadorren heriotzean

Izarren hautsa

Seaska kanta

Habanera

Kontrapas

Errota zaharra Lourdes Iriondorekin

Eta azkenik, bitxikeria gisa, Segurako herritarrek Gizon arruntaren koplak kantuarekin egindako LipDuba

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia