euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xabier Irujok Gernikako bonbardaketaz Sparks-en emandako hitzaldiarekin hasi da Agirre Lehendakariari buruzko sinposioa

2016/03/29

Modu ezin hobean hasi zen 'The International Legacy of Lehendakari Jose Antonio Agirre’s Government' mintegia, Xabier Irujok emandako berbaldi interesgarriarekin (Argazkia: X.I.)
Modu ezin hobean hasi zen 'The International Legacy of Lehendakari Jose Antonio Agirre’s Government' mintegia, Xabier Irujok emandako berbaldi interesgarriarekin (Argazkia: X.I.)

PUBLIZITATEA

Gernikako bonbardaketaz hitz eginez eman zion hasiera Center for Basque Studies-eko (CBS) zuzendari kideak Agirre Lehendakariaren inguruko The International Legacy of Lehendakari Jose Antonio Agirre’s Government mintegiari. Hitler-en armadak Gernikan egindako sarraskiaren inguruan “XX. mendeko gezurrik handienetakoak” esan direla adierazi zuen Irujok, EuskalKultura.com-ekin berba eginda, hitzaldia eman aurretik. Hogeita hamar lagun inguru hurbildu ziren, larunbatean, Sparks-eko (Nevada, AEB) Heritage Museum-en Xabier Irujok emandako berbaldia aditzera.

Sparks, AEB. Mukuru zegoen Sparks Heritage Museum-eko hitzaldi gela larunbatean, Xabier Irujo Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-eko zuzendari kideak eman zuen hitzaldia aditzera hurbildu zen jendez beteta. Euskal jatorriko eta akademia munduko lagunak zeuden baina, historiako pasarte honetan interesa duten estatubatuar dezente ere. Galderak ere egin zizkioten Irujori eta, orotara, ordu biz luzatu zen aurkezpena.

Gernikako bonbardaketaren inguruan lan handia egin du historialariak, azken hamar urteotan bereziki, eta, oraindik ere, “egiteke lan pilo bat” dagoela adierazi du. “Historian oso gauza gutxi daude guztiz ikertuak eta, kasu honetan, hain bonbardaketa konplexua izanik, are gutxiago". "Horri gehitu behar diogu Francok, berrogei urtez, bonbardaketaren inguruan hitz egitea debekatu izana, bai eta Alemaniak eta Italiak, urtetan, gertatu zela ere gezurtatu izana. XX. mendeko gezurrik handienetakoak Gernikako bonbardaketaren inguruan esan dira”, gogoratu du Irujok.

Euskal Herriko historiako pasarte ilunetakoa den honen inguruan, gehien bat, biktimen ikuspuntutik egin izan da berba, “behean gertatu zena” harturik ardatz, Irujok dioen bezala. Berak, baina, “goian” eman zena ikertu du. “Nola antolatu zuten, zein helbururekin. Logika guztietatik kanpo dagoen gauza bat da, ulertzen zaila”. Eta hori ulertu eta esplikatu nahian dabil bera.

Gernikako bonbardaketa eta diaspora

Nazien bonbek 1937ko apirilaren 26an kiskali zuten Gernika eta, Picasso-k, Guernica margolana bi hilabeteren buruan bukatu zuen. Bi hilabete horietan, Irujok berak ikertu duen legetxe, sarraskiaren inguruko 7.000 albistetik gora argitaratu zuten AEBetan. The New York Times egunkariak, adibidez, 63 albiste eman zituen bonbardaketaren inguruan epe horretan, horietatik berrogei bat azalean. Argi uzten du honek Gernikako erasoek mundu mailan izan zuten oihartzuna, artista espainiarraren lana ikur bihurtu baino lehenago.

Honi lotua, Irujok uste du Diasporak “hainbat modutan” lagun dezakeela gertatutakoa azaleratzen. “Nik garrantzi handiko elkarrizketa asko Diasporan egin ditut. Gerrak eragin zituen migrazioagatik atzerrira joan ziren asko eta, Diasporako kideek, lekuko horiek elkarrizketa ditzakete. Tamalez, egun, adin batekoak dira eta asko joanak dira, baina testigantza horiek oso baliotsuak dira eta ahalik eta lasterren lortu behar genituzke”. Horretaz gain, historialariak deritzo herrialde gehienetako egunkariek jasotako gertakaria izanik, garai hartako zenbakiak bilatuz eta aurkitutakoak Gernikako Bake Museoaren Dokumentazio Zentrora bidalita informazio asko bil daitekeela. Estatu Batuetan, lehen bi hilabeteetan, 7.000 albistetik gora atera baziren, Hego Amerika osoan zenbat izan zitezkeen ere imajina ezin duela aitortu du Irujok.

'The day Guernica was bombed', laster euskaraz

William L. Smallwood idahotarrak, ezizenez Basilio Egurtxiki, 1972an amaitu zuen The day Guernica was bombed: A story told by witnesses and survivors. Bonbardaketa sufritu zuten 124 helduri egindako elkarrizketa sorta. Irujok altxortzat duen lana, baina, 2012ra arte egon zen argitaratu gabe. Urte hartan atera zuten ingelesez; urtebete beranduago, 2013an, gaztelerazko bertsioa publikatu zen (El día en que Gernika fue bombardeada) eta, datorren urtean, Xabier Irujok buletin honi aurreratu dionez, Ane Undurragak euskaratuta ikusiko du argia.

*Mintegia gaur arratsaldean amaituko da. Hemen programa osoa. Informazioa gehiago: +1 (775) 784-4854.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia