Donostia-San Sebastian. Liverpooleko Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak aurten jarri dute abian Manuel Irujo Fellowship katedra, euskal gaiei buruzko ikasketak sustatzeko helburuarekin. Aurreneko urte honetan Manuel Irujo Ollo euskal politikaria buruzko ikerketak sustatzen ari dira, eta, aurreneko irakasle gonbidatua Irujoren historia, lana eta bizipenak ederki ezagutzen dituen historialaria da: Xabier Irujo Ametzaga, Renoko Unibertsitateko historialari, eta Irujoren iloba.
-Manuel Irujo Fellowship katedran aurreneko irakasle gonbidatua zeu zara. Zer nolako esperientzia ari da izaten?
Esperientzia hauek oso aberasgarriak dira, bai irakasle etortzen den pertsonarentzat zein irakasle bisitariari ongi etorria ematen dionarentzat ere bai. Proiektu berriak ekoizteko, erronka berriei aurre egiteko eta ideia berriak kontrastatzeko; hots, ikasteko.
-Zein da zure helburua egonaldi honetan, ze jarduera egin dituzu orain arte?
Egonaldi zukutsua izango delakoan nago eta gure bi erakunderen arteko lokarriak sendotzen lagunduko du. Hori da, izatez, egonaldi hauen etekinik nabarmenena, euskal ikasketen inguruko ikerketak eta arlo honetan lan egiten duten ikertzaileen sareak Diasporan zehar edatzea da. Hilabete eskas batean Gorka Mercerok eta biok bi eguneko seminario bat, sei hitzaldi eta kurtso bat antolatu dugu hurrengo bi hilabeteetara begira. Honekin batera, beste zenbait konferentzietan ere parte hartuko dut martxoan, besteak beste, London School of Economics-en eta Manchester-en.
-Zein da egonaldiaren balioespena; orain artekoa, behintzat?
Bai, esan bezala agenda betea dugu eta asmoak handiak dira. Pozik gaude denak. Egonaldiaren lehenengo ekitaldia urteroko hitzaldia izan zen, Manuel Irujo Annual Lecture delakoa. Gernikaren bonbaketaren inguruan aritu nintzen orduan, otsailaren 10ean. Bi orduz luzatu ginen, aurkezpena, galderak eta erantzunak barna. Berrogei bat pertsona hurbildu ziren; Londrestik ere etorri zen jendea.
-Martxoan ekitaldi andana duzue programatuta, ezta?
Hurrengo ekitaldia The International Brigade Memorial Trust-ek Manchesterren antolatutako konferentzian parte hartzea izango da. Bertan Gernikako bonbaketari buruz mintzatuko naiz, Paul Preston eta Dolores Long historialarien eskaerari jarraiki. Prestonek London School of Economics-en ere antolatu du Gernikaren inguruko bi orduko hitzaldia martxoaren 19an.
Bestalde, Liverpoolen bi nazioarteko seminario antolatu ditugu. Lehenengoak “Manuel Irujo and 20th Century Basque Politics” du izenburu eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin antolatua da. Martxoaren 9an izango da Liverpooleko unibertsitatean bertan (ekitaldiaren gora-beherak eta programa online dago hemen). Hizlarien artean Arantzazu Ametzaga, Aritz Ipiña, Aurora Madaula, Aritz Onaindia eta Irati Agirreazkuenaga ditugu.
Bigarren seminarioaren izenburua “An End to the Basque Conflict?” da eta Euskal Herriko eraikuntza instituzional eta politikoari buruzkoa izango da, alegia, autodeterminazioaren eskubidearen eskutik euskal errepublika baten eraketariburuzkoa, gatazka politiko, soziala, ekonomikoa eta kulturalari aurre eginik. Hizlarien artean ditugu Iñigo Urrutia, Richard Gillespie, Amaia Agirre eta Juan Jose Ibarretxe. Agirre Lehendakaria Center-en laguntzarekin antolatu dugu seminarioa.
-Datorren asteko mintegia Irujo familiaren ikuspuntutik gertakari garrantzitsua izango dela pentsatzen dut. Historialari zaren aldetik, Manuel Irujoren lanak ze eragin du gaur egungo politikan?
Herriak bezala familiek ere eureari eutsi behar diote gizaldiz gizaldi, eta aurrera ekin. Bost gizaldiz izan dira Irujotarrak eta Ametzagatarrak erbesteratuta; ni erbesteratutako bosgarren gizaldiko kidea naiz. Liverpoolko unibertsitatean euskaraz erakasten dela Manuel Irujok ikusiko balu, bere gizaldiak pairatu zuen erbesteak eta Euskal Herrian barna erresistentziak egindako lanak fruitua izan duela esango zuen. Eta –gehituko zuen- asko dugu egiteke oraindik.
Manuel Irujok Euskal Herriaren independentzia defendatu zuen Churchillen aurrean Londresen 1940ko uztailean, bai eta britaniar administrazioaren eskutik euskal errepublika osatzeko idatzitako ituna lortu ere. Espainolekin, frantsesekin, katalanekin eta eskoziarrekin batera Europan euskaldun bizi nahi dugunok lan asko dugu egiteke arlo guztietan. Irujok bonbatutako Londresen ekin zion harira ekin beharko genioke egun, nazio gisa euskal errepublika Europan garatu eta osatzeko.