Caracas, Venezuela. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE-IVAP) argitaratu du Xabier Irujo Ametzaga eta Alberto Irigoyen Artetxe historialarien La hora vasca de Venezuela. La Administración del Gobierno de Euskadi y el exilio político vasco de Caracas (1939-1979) [Venezuelako euskal ordua. Eusko Jaurlaritzaren administrazioa eta euskal erbeste politikoa Caracasen (1939-1979)] liburua eta Erakundearen Katalogoan ipini du erosgai bere wegunean paperezko formatu tradizionalean zein PDF digitalean.
Hamaika ataleko liburua da, Hamar tematikoak dira eta azkenak dokumentuak dakartza. Ataletan zehar Venezuelara iritsi zen euskal migrazioaren prozesua azaltzen dute, Venezuela errepublika osatzen hasi zenetik XX. mendera arte. Ikerketa sakonena, hala ere, 1936tik 1970eko hamarkadaren bukaera arteakoa da.
Liburuak taxuz aztertzen du 1936ko Gerra garaian Venezuelako Gobernuaren portaera euskal errefuxiatuekiko; Euskal Herriaren eta Venezuelaren arteko migrazio prozesua; euskal erakundeen sorrera herrialdean eta Caracasko Euskal Etxearen sorrera eta historia.
Venezuelako hiriburuko Euskal Etxeari lotuta, euskal elkarte nagusi honek bultzatu zituen ekintzak eta proiektuak aztertu dituzte Irujok eta Irigoyenek eta gaia osatzeko atal oso bat eskaini diete ‘Caracasko euskal gazteei’. Euren arreta merezi dute baita ere Venezuela barnealdean sortu ziren euskal etxeek, Venezuelako Euskal Erakundeen Federazioak eta Venezuelan argitaratu zen euskal prentsak.
Pandemiak eragindako osasun egoeragatik, egileek ez dute oraindik aurkeztu liburua eta datorren urtean aurkezteko asmotan dabiltza, “baldintzak hobetzen direnean, Euskadira bidaiatzeko aukera dugunean”, jakinarazi dio Irigoyenek EuskalKultura.eus-i.