euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xabier Azanza, ENAIko zuzendaria: 'Diasporako ikasleei Nafarroako barnetegietan ikasten lagundu nahi diegu'

2008/04/03

Xabier Azanza, ENAIko zuzendari kudeatzailea
Xabier Azanza, ENAIko zuzendari kudeatzailea

PUBLIZITATEA

Orain dela hilabete gutxi batzuk abian jarri bazen ere, Euskararen Nafar Institutua (ENAI) ari da dagoeneko bere lan ildoak finkatzen. Xabier Azanza zuzendariak azaldu duenez Nafarroan euskararen sustapena eta ikerketa bultzatzeaz gain, erakunde berriak atzerriko euskara ikasleei laguntza eman eta Diasporako euskaldunekin harremanak estutu nahi ditu. Datozen hilabeteetarako ENAIk dituen asmoetako bat ikasle hauei Nafarroako barnetegietan euskara ikasi ahal izateko laguntza eta bekak eskaintzea da.
Xabier Azanza bilbotarrak orain dela gutxi, joan den abenduan, hartu zuen bere gain Euskararen Nafar Institutuaren zuzendaritza. Euskal kulturaren talde desberdinak aspaldidanik zeuden erakunde honen sorreraren esperoan eta atentzio handiz jarraitu dituzte prozesua eta lehen pausoak. Azanzak erakundeak izan duen harrera ona azpimarratzen du, batez ere lankide estu izan nahi dituen Euskaltzaindia, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik.

'Aurreko Pariseko Expolingua azokan Euskararen Erakunde Publikoarekin kontaktua egin genuen eta bilera egiteko gelditu ginen. Euskaltzaindiarekin lankidetza akordio sinatu dugu jada eta hilaren 22an bilera dugu Bilbon lankidetza hori zertan datzan finkatzeko. Eta Eusko Jaurlaritzarekin ere zenbait bilera egin ditugu jada', azaldu dio Azanzak EuskalKultura.com-i, erlazioa ona dela ziurtatuz.

Laguntzak atzerriko ikasleei

Hilabete gutxiko ibilbidea du momentuz ENAIk, baina dagoeneko bere lan ildoak finkatzen ari da. Azanzak lau funtzio nagusitan laburbiltzen ditu: helduak euskalduntzerako laguntza, euskararen hedapena kultur ekintzen bidez, aholkularitza hizkuntza arloan administrazio eta enpresei, eta euskara eta euskalkien ikerketa Nafarroan.

Lan ildo horien barruan Azanzak atzerrian euskara ikasten ari diren ikasleei laguntza ere azpimarratzen du. Arlo honetan ENAI Diasporako komunitate nafarrarekin harremanetan jarri nahian dabil eta dagoeneko atzerrian euskara ikasten ari direnentzat liburu donazioak egin ditu, Cervantes Institutuaren bidez. 'Ez dugu Eusko Jaurlaritzak izan dezakeen pisua arlo honetan, baina euskara ikasleek Nafarroara etorri eta barnetegietan ikasteko aukera izan dezaten ahaleginduko gara', azaldu dio Azanzak EuskalKultura.com-i. Zentzu honetan, ENAIko zuzendariak dagoeneko diru laguntzak eta bekak prestatzen ari direla azpimarratzen du, lehenbailehen argitaratzeko asmotan.


Lotura interesgarriak

ENAIri buruzko informazio gehiago
www.navarra.es

Euskal eta nafar gobernuak euskara arloan lankidetzan ariko dira
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko otsailaren 25ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia