euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xabi Paya bertsolari eta itzultzailea Birminghamgo Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurle

2010/10/13

Xabi Paya bertsolari eta itzultzailea (argazkia Euskonews)
Xabi Paya bertsolari eta itzultzailea (argazkia Euskonews)

PUBLIZITATEA

Etxepare Institutuak eta goi eskola ingelesak sinatutako akordioak 2013. urtera arte bermatzen ditu euskara eta euskal kultura eskolak Birminghamgo Unibertsitatean. Sinadura irailaren 30ean gauzatu zuten Etxepareko zuzendari Aizpea Goenagak eta Birmingham Unibertsitateko zuzendari Michael Whitby-k, Xabi Paya irakurle. Birminghamen dago Larry Trask hizkuntzalari eta euskara kontuetan aditu handi izan zenaren euskal liburutegia, haren alargunak Unibertsitateari emana.

Birmingham, Ingalaterra. Jaurlaritzaren Kultura Sailaren baitangoa den erakunde honek ohar batean zabaldu duenez, “Euskara jalgi hadi mundura” zioen euskarazko lehen idazleak eta lehen idazle haren izena daraman Etxepare Institutuak zintzo heldu dio langintza horri. Iragan irailaren 30ean, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak eta Michael Whitby Birminghamgo Unibersitateko buruak sinatu zuten akordioak euskara eta euskal kultura ikaskuntza eta presentzia indartuko ditu Ingalaterran 2013ra bitartean. Xabier Paya bertsolari eta itzultzailea izango da hitzarmenean xedatutakoa betetzeaz arduratuko den irakaslea.

Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenagaren hitzetan, hitzarmen honek zuzen-zuzenean erantzuten dio Etxepareren helburu estrategikoetako bati: euskararen irakaskuntza, ikerketa eta erabilera nazioartean bultzatzeari, hain zuzen ere. “Euskara eta euskal kultura kanpora zabaltzea eta munduko komunitate ezberdinen artean euskara bultzatzeko misioarekin jaio zen Etxepare eta Birminghamgo Unibertsitatearekin egin dugun hitzarmen honen bidez, ibilbide horretan urrats bat gehiago egingo dugu”.

Birminghamgoa euskarazko irakasletza bakarra da Erresuma Batuan, eta bakarrenetakoa mundu osoan euskara eta euskal kultura goi mailako curriculum akademikoaren barnean dituztenen artean. Ikasleek euskara ikas dezakete karrerako lehen, bigarren eta laugarren urtean. Hirugarren urtea atzerrian pasatu behar dute derrigorrez, Erasmus programaren bitartez, baina kasu horretan ere euskara ikasten jarrai dezakete, hitzarmenak urte hori Gasteizen egiteko aukera eskaintzen baitu, euskaltegiko urte osoko matrikularen ordainketa barne hartuta.

Hizkuntza eskolez gain, ikasleek euskal gizartea eta kultura ezagutzeko ikasgai bat har dezakete, non Euskal Herriaren ikuspegi orokorra jasotzen duten ingelesez. Eskolez gain, hitzarmenak euskara  eta euskal ondarea sustatzeko ekintzak aurreikusten ditu, bai maila akademikoan, bai maila sozialean.

Larry Trasken funtsa

2009an, Birminghamgo Unibertsitateak Britainia Handian topa daitekeen euskarazko lan-bilduma handiena eskuratu zuen: Sussex-eko Unibertsitatean irakasle izandako Larry Trask hizkuntzalari amerikarraren ondarea dohaintzan eman zion haren alargunak. Bildumak ehun bat liburu biltzen ditu, Etymological Dictionnary of Basque edo The History of Basque maisulanen egilearen bulegoa betetzen zutenak. Liburuen artean euskal fonologiari buruzko eskuizkribu bat ageri da, dirudienez argitaratu gabea.



Komentarioak

  • XABI PAYAri AGURRA

    Xabi,jator hori: Oraintxe jakin dut hemendik urrutira zaitugula Birminghamgo Unibertsitatean ,alajaina ¡ .Alde batetik pena hartu dut zu inguruan ez zabiltzala jakitean,baina bestetik ez; oraintxe,gazte zaren bitartean egin behar dira horrelango aldaketak,libre zaudenean.Zuretzat ona izango da seguruenik eta horko ikasleek ere zorte galanta zure klaseak hartzeko aukera. Besarkada handi bat eta onena opa dizut. Zuk Euskal Herritik alde egin eta hurrengo astean edo idatzi nuen goiko hau eta bialdu eta “error” atera behin eta berriro.Ea orain lortzen dudan beste bide honetatik¡ Birminghamgo hiritik dator notizia, Xabi bertsolaria bertara ihesia, irakasle ona da ugari grazia, bizitza berriakin lotu poesia. Denbora pasa ahala nabarmenduko da, Xabi Paiak utzi du hutsik Euskal sala zelako eragina zelako bultzada¡ egindako lanei aitormen zabala. Pilare Baraiazarra

    Pilare Baraiazarra, 2010/12/29 18:27

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia