O.E.B./Laramie, AEB. Egun bere lana eta doktoretza-prozesua Nevada-Renoko Unibertsitatean garatzen ari den Iker Saitua ikertzaile getxoztarrak, bere jarduera horretan lantzen ari den tesiko hainbat zertzelada eskaini zituen Wyoming-en, emigrante eskoziar eta euskaldunen arteko harreman ez hain ezagunak hizpide harturik Laramie-n. “Eskoziar asko ere etorri zen hona, nahiz eta euskaldunok horri buruz horrenbeste ez dakigun. (Etorkin) klase arteko solidaritatea bazegoen, baina eskoziarrak euskaldunak baino askoz arinago asimilatu zuten herrialde berria, hizkuntza, ingelesa, bazekiten-eta”, esan dio Saituak EuskalKultura.com-i. “Artzaintzaren iragaitea: eskoziarrak eta euskaldunak Wyoming-o ardi-industrian XX. mende erdialdean” izan zen bere konferentziaren izena.
Euskal gaia jorratu zuten beste bi irakasleen kasuan, “Bizitza bakartia: euskal artzainak Wyoming-en” izan zen Denice Wheeler-en konferentziaren titulua eta mendebaldeko estatu horretan topa daitezkeen euskal kulturaren zantzuei buruz egin zuen berba David Romtvedt-ek, Wyoming estatuaren 125. urtemuga ospazeko konferentzietan. Baina Iker Saituaren berbaldiak hainbestetan aipatua izan ez den erlazio eta konparaketa bat ekarri zuen argitara: AEB Mendebaldera bildutako euskaldunek, garai berean bidaia bera egin zuten eskoziarrekin izandako harremana. “Interesgarria da, migrazioetan hizkuntzak duen pisua ikusten delako. (…) [beste gauza batzuetan euskaldunen pareko egoera izan bazezaketen ere] eskoziarrak euskaldunak baino askoz arinago asimilatu zuten herrialde berria, hizkuntza [ingelesa] baitzekiten”, adierazi dio buletin honi.
Lantzen ari den doktoretza ikerketan, klaseen arteko erlazioaz da mintzo Saitua eta, argi dago, edozein atzerritik heldu berri denak anaia-arrebak topatzen dituela bidaia (askotan mingarri) bera egin duten besteengan. Edozelan ere, maila sozialean gora egitea baldin bazuten helburu bi etorkin komunitate hauek, pare bat belaunaldi gehiago tardatu zituzten euskaldunek hura lortzen. “Euskaldunak 60. hamarkadara arte jarraituko du langile klase xume lez baina, ordurako, eskoziarra artzain izatetik jabe izatera igaroko da”, azaltzen du historialariak. “Orduan, klase arteko solidaritate hori ere apaltzen doa eta, erlazioa, parekidea izatetik ekonomikoa izatera igaroko da. Arrantxari bihurtzen da eskoziarra eta euskaldunak kontratatzen hasiko da, prezio merkean”.
Mendebalde anitza
AEBetako mendebaldea oso erakargarria zen etorkinentzat; urrea zegoen hasieran eta, horren ostean, lur eremu amaigabeak, lantzeko zein artzain lanetan ibiltzeko. Kaletarron iruditerian iltzatuta dagoen ideia da hori. Izatez, AEB osoan, Nevada da, portzentajean, lur publiko gehien dituen estatua, horrek dakarren onurarekin: edozeinek eraman zitzakeen ardi zein behiak horra, musutruke. Eta, horrek, ekonomia suspertu eta, Saituaren iritziz, (euskal) etorkinen egoera ekonomikoaren haztea erraztu zuen. Wyoming-eko egoera nahiko antzekoa zen, baina ez guztiz.
Ikerlari getxoztarrak aipatzen duenez, historialariek ez dute gustuko, mendebaldeaz hitz egitean, orokorrean erabiltzen diren generalizazioak. “Nevada desertu erraldoi bat da eta Wyoming-en, adibidez, ur asko dago. Ez daukate zer ikusirik”. Baina orografiaz aparte, estatuen arteko historia ekonomikoak zerikusi eskasa du. Eta ez Nevada eta Wyoming-en artean soilik, Kalifornia eta Washington-en erreparatuta, adibidez, argi ikusten da, biak AEB Mendebaldeko parte badira ere.