Datorren urtean Valparaisoko euskaldunek euren lehenengo euskal elkartearen sorreraren mendeurrena ospatuko dute (1915-2015) eta, giroa berotzeko, hasiak dira dagoeneko zenbait ekitaldi berezi egiten. Horietako bat izan zen "Winnipeg. Testimonio de un exilio" libruaren aurkezpena. Eusko Etxeak sustatu du Julio Galvez Barraza adituaren ikerketa eta bertan duela 75 urte Winnipeg ontzian Txilera heldu ziren erbesteratuen testigantzak biltzen dira.
Valparaiso, Txile. Iragan azaroaren 27an ekitaldi jendetsua hartu zuen Valparaisoko Eusko Etxeak, "Winnipeg, testimonios de un exilio” liburuaren aurkezpenarekin. Egilea Julio Gálvez Barraza da, Txilera etorri ziren errepublikar erbesteratuei buruzko aditua. Eusko Etxeko presidente Archibaldo Uriarte ikerketa eta argitalpen honen sustatzaileetako bat izan da.
Lan honetan egileak 1939an Winnipeg ontzian heldu ziren errepublikar erbesteratuek --horien artean euskaldun batzuk-- herrialdean utzi zuten marka eta ekarpena aztertu du, dokumentu historiko, gutun, argazki eta oraindik bizirik diren errefuxiatuen lekukotzen bitartez.
Liburuan agertzen denez, immigrante hauek eragin handia izan zuten Txileko kultura, arte, ekonomia eta politikaren bilakaeran. Egileak Pablo Neruda poeta ere aipatzen du (immigraziorako kontsul berezia izan zen) eta Winnipeg-en bidaia antolatzen izan zuen eragina azaltzen du.
Bidaia honetan euskaldun taldea esanguratsua izan zen eta liburuak bidean haiei gertutatukoak ere biltzen ditu, esaterako ontzian bertan abian jarri zen Euskal Abesbatzaren sorrera (egun aktibo eta sasoi betean dirau Ramon Muguruzak sortu zuen koruak).
Eusko Etxean egin zen ekitaldiaren aurkezle izan zen Luis Guastavino Córdova katedratiko eta politikaria, eta bertara bildu zirenen artean Txileko kultur eta politika arloko agintari eta pertsonaia ezagunak izan ziren, besteak beste Guillermo García Hernández, Espainiako ohorezko kontsula Valparaison; Esteban Collins Dupouy, Valparaisoko Immigranteen Gizataldeen Batzarreko presidentea; Alfredo Larreta, "Mercurio" egunkariko kazetaria; Jaime Ferrer idazlea, “Los españoles de Winnipeg“ liburuaren egilea; Valparaisoko Eusko Etxea eta Santiagoko Euzko Etxea-ko agintari eta bazkideak, eta Agnes América Winnipeg Alonso Bollada, ontzian bertan, bidaia hartan jaiotakoa. Ekitaldian immigrante haien ondorengoak eta familiako kideak ere bildu ziren.
Aurkezpenarekin batera argazki erakusketa bat egin zen Eusko Etxean, eta elkarteko kide Nestor Aguirre eta Mari Andonaegui musikariek “Maitetxu Mia“ eta “Eres Tú “ kantak abestu zituzten. Erakusketa eta ekitaldi hauekin Eusko Etxearen helburua da "komunitateari ekarpena egitea eta gizarteratzeko eta elkartrukerako espazioak sustatzea".