Sydney, Australia. William Douglass antropologo eta euskaltzale ezagun nevadatarrak Sydneyko Gure Txokoa Euskal Etxea bisitatu eta hitzaldia emango du datorren igandean, bisitaren baitan, argitara eman berria duen Australiako euskaldunei buruzko liburua aurkeztuz. Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko sortzaile eta bertako lehenengo zuzendari izan zen Douglassek --Zentroak, izan ere, omenaldi gisa, bere izena darama 2015eko azarotik-- BIlbon urri hasieran egin zen Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzarrean aurkeztu zuen lehenengoz liburua, orain Australian, bertako euskaldunen aurrean berriz ere jendaurretuko duena.
Antipodetako euskaldunen liburuaren aurkezpena bukatuta, bildutakoek senidetasun bazkari bati ekingo diote eta kantatu ere, "zorionak zuri" kantatuko diote Douglassi, izan berria den bere urtebetetzearen karietara.
-Hemen eros dezakezu Australianuak liburua (University of Nevada Press, 2019)