euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

William Douglass antropologo estatubatuarrak "Vascos en Cuba" liburua aurkeztu zuen Habanan

2016/06/21

Renato Garcia Eguskiza (Kubako Euskal Etxea), William Douglass eta Asier Vallejo (Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria), aurkezpenean (argazkia Kubako Euskal Etxea)
Renato Garcia Eguskiza (Kubako Euskal Etxea), William Douglass eta Asier Vallejo (Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria), aurkezpenean (argazkia Kubako Euskal Etxea)

PUBLIZITATEA

Iragan ekainaren 11n Habanan izan zen William A. Douglass antropologo eta euskaltzale estatubatuarra, "Vascos en Cuba" liburua aurkezteko. Liburu honetan iaz Kuban egin zen Euskal Herrria Mugaz Gaindi mintegiko ikerketak jaso ditu Douglassek. Aurkezpen ekitaldian Douglassekin batera parte hartu zuten Asier Vallejok, Kanpoan diren Euskal Komunitatearentzako zuzendariak, eta Kubako Euskal Etxeko presidente Renato Garcia Eguskizak.

Habana, Kuba. Habanako San Geronimo Unibertsitate Eskolan egin zen iragan ekainaren 11n "Vascos en Cuba" liburuaren aurkezpena, Kubako Euskal Etxearen eskutik. Ekitaldiak euskal etxeko kide ugari bildu zituen, eta baita euskal kulturan eta Kubako historian interesa zuten kubatarrak.

Aurkezpeneko hizlari nagusi izan zen William A. Douglass antrologo eta euskaltzale ipar amerikarrak, bera izan baita liburuaren koordinatzailea. Douglass, Nevadako Center for Basque Studies zentroko sortzaileetako bat izan zen eta euskal kulturaren nazioarteko ikerlari nagusienetako bat da. Liburu honetan 2015ean Kuban egin zen Euskal Herria Mugaz Gaindi euskal emigrazioari buruzko seminarioko ikerketak bildu ditu.

Aurkezpenean izan ziren ere Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, eta Renato García Eguskiza, Kubako Euskal Etxearen presidentea.

Ekitaldia Renato Garcia Eguskizaren ongi etorri hitzekin hasi zen. Eguskizak Douglassen ibilbidea azpimarratu zuen eta hainbat urtetan euskal kulturaren alde egin duen lana goraipatu zuen. Ondoren, euskal etxeko dantza talde gaztearen unea heldu zen eta dantzari gazteek "Arrantzaleak" dantzaren erakustaldia egin zuten.

Jarraian, William Douglassek hartu zuen hitza eta liburu hau Kubako euskaldunen historiaren lehen atal bat baino ez dela adierazi zuen, bigarren atala idazten hasteko gonbitea luzatuz. Asier Vallejok, bestalde, azpimarratu egin zuen iaz Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegia Kuban egin izanaren garrantzia.

Bertaratu zirenek interes handiarekin hartu zuten aurkezpena, eta askok, gainera, ikerketa horietan laguntzeko bere burua eskaini zuten. Aipatu liburuaren aleak banatu zirela entzuleen artean, eta Kubako liburutegi nagusietara ere bidali dira. Ekitaldian Kubako komunikabideak ere izan ziren, esaterako Juventud Rebeldeko kazetari Edel Lima Sarmientos, euskal jatorriduna bera.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia