euskal diaspora eta kultura
2014/07/25
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Humboldt: Selected Basque Writings izenburupera ikertzaile eta jakintsu germaniarraren lanik azpimarragarrienak ekarri ditu argitara, ingelesez, Nevada-Renoko Unibertsitatearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza programa honek, helburua izanik, aurreko izenburuetan bezala, euskarari eta euskal kulturari nazioarteko isla ematea eta alor honetan erreferentziazkoak diren lan garrantzizkoak akademiko eta interesatuei eskuragarri ipintzea, liburu berriaren aurkezpenean azaldu zenez.
Gilen Humboldt (1767-1835), Alexander Humboldt geografoaren anaia zaharrena, Berlingo unibertsitatearen sortzailea izan zen (gaur egun haren izena darama). Itzal handiko intelektuala, hizkuntza askotan mintzo zen, eta eragin handia izan zuen gizartean. Zuzenbide ikasketak egin ondoren, filosofia, artea, historia eta hizkuntza zaharrez arduratu zen. Oso gogokoak zituen klasikoak. Epailea ere izan zen, baina laster utzi zuen lan hori.
Parisen bizi izan zen, eta 1799an eta 1801ean etorri zen Euskal Herrira, diplomazia lanak egiten hasi aurretik. Ondoko urteak Erroman eman zituen. Berriz ere Berlinen, Prusiako hezkuntza ministro bezala, hezkuntza osoa erreformatu zuen, eta unibertsitatea sortu: ikasketa planak aldatu, irakasle eta ikasleen arteko harremanak estutzeko programak indartu, eta abar. Hezkuntzaren irudi elitistegia zuela leporatu zaio batzuetan. Bera da Alemaniako mugimendu "neohumanista"ren ordezkari aipagarriena.
Parisetik Euskal Herrira egindako bidaiei esker ezagutu zuen gertutik euskara, eta zenbait lan egin zituen gaiari buruz. Lan horietako batzuk ematen dira hemen lehenbiziko aldiz, alemanez egindako jatorrizko argitalpenetik itzuli ondoren. Itzulpen horien eta edizioaren arduraduna Iñaki Zabaleta Gorrotxategi UPV-EHUko irakaslea izan da. Bi lan daude hemen: Euskaldunak, edo 1801eko udaberrian Bizkaitik Frantziako Euskal Herriraino egin bidaian bildutako oharrak, eta Euskal hizkuntza eta nazioaren argitalpenaren iragarpena (1812).
Euskal Herria nazio gisa aztertu zuen, etnografiaren gaineko oharrak egin zituen, eta euskara bera ere ikertu zuen. Bere oharretan esaten zuen, "hizkuntza berezia da, hitzetan, morfologian eta ahoskeran. Kanpokoentzat ulertezina da, eta hau hala gertatzen da hitzik txikienetan, eta toki izenetan ere, gehienak euskaratik hartuak baitira. Berezitasun hori berdin ageri da, neurri batean bederen, hitzen erro zaharretan ere, atzerritarrentzat aski bitxiak gertatzen baitira, eta arrotzak". Humboldtek talde etniko baten propietate natural bezala ikusten zuen euskara: "herri berezi baten ezaugarri nagusia".
Berak uste zuen hizkuntzak definitzen duela herri baten izaera, eta Euskal Herriari dagokionez batasun mota bat ikusten zuen, euskararen inguruan, Espainiako eta Frantziako muga politikoen gainetik.
Basque Classics Series
Liburu bilduma bat da, Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies zentruan argitaratzen dena. Euskal kulturaren klasikoak ingelesez ematea da bildumaren helburu nagusia. Editoreak Bill Douglass, Gregorio Monreal eta Pello Salaburu dira. Urte hauetan bederatzi liburu argitaratu dira, guztiak ingelesez:
Liburu hauek munduko 600 liburutegi garrantzitsuenetara bidaltzen dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak lau hitzarmen sinatu ditu liburuok argitaratzeko "Renoko Adiskideen Elkartearekin", 2003, 2008, 2012 eta 2014an. Azken honen ondorioz, Antonio Tovar eta Jacques Allières-en liburuak argitaratuko dira hurrengo. Liburu guztiek badute sarrera luze bat, ingelesezko irakurleetan pentsatua, eta gai horretan aditu batek egina.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus