euskal diaspora eta kultura
2013/03/11
PUBLIZITATEA
Boise, AEB. Korrika 18k Boisen ere izan du isla, Idahoko hiriburuko euskaldunek antolatu zuten "Fun Run" delako ekitaldiari esker. Ia ehun lagun bildu ziren Euskal Etxera, euskararen alde lasterketalditxo bat egiteko prest. Helburua ez zen markak haustea; aldiz, euskaraz egiteko eta euskaraz bizitzeko hautua aldarrikatu zuten Boiseko euskaldunek.
Hain zuzen ere, John Bieter historialariak ederki laburbildu zuen lasterketa abiatu aurretik AEBetako euskaldun askorentzat zer den euskara: euskera gaztetan ikasi zuen Bieterrek, Euskal Herrian, eta berarentzat euskal kultura ezagutzeko eta harreman mundu berri bat osatzeko giltza izan dela aitortu zuen. Horrela da ere Boisen euskara ikasten ari diren ikasle askorentzat, eta, baita ere Ikastolako neska-mutilentzat eta horregatik, lasterketak euskararen gozamena aldarrikatu zuen . Hala, "Let's enjoy euskara!" izan zen korrikalarien aldarria.
Ekitaldia musikarekin hasi zen, hiriko Txantxangorri taldeak egin zuen emanalditxoarekin. Ondoren PJ Mansisidorrek aurreskua dantzatu zuen eta John Bieterrek euskararen alde hitz egin zuen. Jarraian, Boiseko Ikastolako umeek eman zioten hasiera Korrikari, "Boiseko Korrika" leloa zuen lekukoa elkarri emanez.
[Boiseko Ikastolako neska-mutilek Haurren Korrika egin zuten, baina han zen korrika txikirik izan! 9 urteko Andoni Hollenbeck izan zen txapelduna (argazkia Boiseko Ikastola)]
Larunbatean bildu zen dirua Boiseko euskara ikasleei laguntzeko erabiliko da. Izaskun Kortazar irakasleak, antolatzaileen izenean, eskerrak eman nahi izan dizkie "Korrika Fun Run" honetan lagundu duten guztiei: "Txantxangorriak (musika jotzeagatik), PJ Mansisidor (aurreskua dantzatzeagatik), John Bieter (euskararen alde eta euskararen garrantziaz hitz egiteagatik), Jesus Alcelay (txorizoa erosi eta taloak egiteagatik), Nere Lete eta Steve Mendibe taloak egiteagatik, BSU euskara ikasleak eta Euskal Museoko euskara ikasleak laguntzeagatik eta parte hartu duten guztiei".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus