euskal diaspora eta kultura
2011/03/02
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Genealogia euskal Diasporaren munduan interes handia pizten duen gaia da eta azken urteetan iraultza itzela izan du internet eta teknologia berriei esker. Sareak, galdutako senideak bilatzea erraztu du, urruneko artxiboetan bilaketak egiteko aukera eman du, beste ikerktzaileekin informazioa trukatzeko tresnak eskaintzen ditu... Aspalditik dabiltza mundu honetan sartuta Fernando López Permisán eta Mikel Belasko adituak, nafarrak biak, Permisan Zarautzen bizi bada ere, eta orain, www.apellidosdegipuzkoa.com webgunetik euren jakintza eta ahalbideak bisitarien eskura jartzea erabaki dute.
Webgunea otsailaren bukaera aldera aurkeztu zuten eta harrez gero ausaz aukeratutako abizenen ikerketak argitaratu dituzte. "Gure bisitariek abizen jakin bat ikertzeko eskatzen badigute guk ikertu egingo dugu eta ahal den neurrian eskaera guztiei erantzuten saiatuko gara", azaldu dio López Permisán-ek EuskalKultura.com-i.
Ikerketa bakoitzak honako datuak bilduko ditu: Euskaltzaindiaren grafia, abizenaren jatorria (baita Diasporako adarren aipamena ere), etimologia, familia horretako pertsonaia ezagunen baten biografia (halakorik bada), bestelako iruzkinen bat eta dokumentazioa. Lasai parte hartzeko gonbitea egiten diete arduradunek bisitariei. "Bakoitzak nahi edo ahal duen ekarpena egitea nahi dugu: abizen bereko senideak bilatu, norberak egindako ikerketaren berri eman, interneteko webguneren baten lotura eman...", aipatzen du Permisán-ek.
Nafarroan ere
Webgune honekin bat eginez bada beste webgune biki bat, www.apellidosdenavarra.com, iazko abenduan sareratu zutena. Bertan atalak oso antzekoak dira, baina funtzionamendua desberdina da: webguneak abizen bat babestu edo 'apadrinatzeko' aukera ematen du. Euro baten trukean ikerketa argitaratuko da eta 'aitabitxi' edo 'amabitxiaren' izena agertuko da webgunean bost urteko tartean. "Kasu honetan abizenak norbaitek babestu ahala argitaratzen ditugu. Bi era desberdin hauek probatzen ari gara, ea zeinek ematen duen emaitza onena", dio López Permisán-ek. Edonola ere, bi webguneen finantziazioa bisitarien kopuruan eta iragarkietan oinarritzen da, ez babestutako abizenetan.
"Webguneek duten erantzuna ona bada, aurki Bizkaia, Araba eta Iparraldeko orriak jarriko ditugu sarean", iragartzen dute arduradunek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus