Washington DC, AEB. Banco Interamericano de Desarrollo (BID, Garapenerako Amerika arteko Bankoa) erakundeak gonbidatuta, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundea eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea Washingtonera etorri ziren atzo, Generoaren arloko Jardunbide Egokiei buruz hiriburu amerikarrean egin zen mintegi batean hitz egiteko, aipatutako euren bi berdintasun-proiektuak aurkeztearren. Lehenengo aukeraketa-prozesuaren ondoren (hasiera batean 35 jardunbide aukeratu zituzten), azkenean Europa osoko generoaren arloko lau jardunbide egoki hautatu zituzten, horietako bi Euskadikoak izanik: Euskadiko administrazio publikoen kontratazioetan berdintasuna ezartzeko prozedura eta emakume politikariak ahalduntzeko Basqueskola espazioa. Lehenengoaren berri Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak eman zuen, eta bigarrena Arabako Burgeluko alkate Natividad López de Muniain andreak aurkeztu zuen, EUDEL Euskadiko Udal Elkartearen izenean. Mintegi honetan parte hartzeko eta Washingtonen egindako lan bileretarako Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Orokorraren eta Jaurlaritzak EEBBtan duen ordezkaritzaren laguntza izan dute erakundeok, adierazi du Emakundek plazaratutako ohar batek.
Berdintasunaren aldeko klausulak
Hautatutako lehenengo jardunbide egokiari, hau da, kontratazio-prozesu publikoetan genero-ikuspegia integratzeari, dagokionez, jardunbide honi, Euskadin Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zenetik aurrera (2005) ekin zitzaion. Hortik abiatuta ohikoa izan zen, eta orokorra, euskal administrazio publikoetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko klausula sartzea. Kontratazio publikoko berdintasunaren aldeko klausulak dira erakunde publikoek obra publikoak egiteko edo ondasunak edo zerbitzuak eskuratzeko egiten dituzten kontratuetan jartzen diren eta sexuen arteko desorekak zuzentzera eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzera bideratzen diren xedapenak edo baldintzak. Informazio gehiago: berdintasunaren aldeko klausulak kontratu eta diru laguntzetan.
Basqueskola
Bestalde, aukeratu den beste jardunbide egokia Virginia Woolf Basqueskola izan da. Ekimena 2012an sortu zen Emakunde eta EUDELen laguntzaz, eta helburu du “berezko espazioa” sortzea Euskadiko udaletan politikan diharduten emakumeentzat. Proiektuaren ardatz nagusiak dira informazioa, prestakuntza, konpetentziak garatzea eta emakume hautetsien ahalduntzea, indibiduala nahiz kolektiboa, bai eta itunak eta aliantzak sortzeko lan-sareak eratzea ere. Bere bideari ekin zionetik coaching, lidergo eta komunikazio mintegiak, tailerrak, hitzaldiak eta esperientziak trukatzeko saioak antolatu ditu. Informazio osoa, argitalpenak eta hainbat material honako webgune honetan daude eskuragarri: www.virginiawoolfbasqueskola.eus
Banco Interamericano de Desarrollo (BID)
BIDen helburua da Latinoamerikako eta Karibeko bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, hobekuntzak sustatzen ditu osasunaren, hezkuntzaren eta azpiegituren arloetan, laguntza finantzarioa eta teknikoa eskainiz pobrezia eta berdintasuna murrizteko lanean ari diren herrialdeei. Eremu geografiko honen garapenerako finantzazio-iturri nagusia da. Maileguak, dohaintzak eta laguntza teknikoa ematen ditu, eta ikerketa-lanetan aritzen da. Kasu honetan BIDek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Europako jardunbide egokiak bilatu eta identifikatu ditu, bere laguntzaz Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeetara eraman ahal izan daitezen.
Bestalde, bidaia honen barruan, euskal ordezkaritzak zenbait lan bilera egin ditu Washingtonen Organización de Estados Americanos (OEA) delakoan dagoen Espainiako ordezkaritzarekin, OEAko Comisión Interamericana de la Mujer-ekin (CIM), Women in Public Service Project (Global Women’s Leadership Initiative) ekimeneko arduradunekin, Promundo nazioarteko Gobernuz Kanpoko Erakundearekin, eta Seton Halleko euskal ikasketen taldearen ordezkariekin, besteak beste, adierazi du Emakundek zabaldutako oharrak.