Viña del Mar, Txile. Viña del Mar-eko Euzko Etxeak, hiriko Estadio Españoleko Euskal Gizataldearekin batera, esker emate ekitaldi polita antolatu die bertako euskal komunitateko lau emakume ezaguni. Arantzazu Elorriaga, Mariana Sainz, Juani Balbontín eta Myrtha "Pepi" Zunzunegui dira lau lagunak. Iñaki Deuna edo San Ignazioren karietara urtero egin ohi den topaketaren baitan izan zen eta lore-sortak oparitu zitzaizkien, "Valparaíso-Viña del Mar-eko Euzko Etxearen hainbat jardueratan emandako etengabeko babesa eta dedikazioagatik".
Loiolako santuaren ospakizuna hitzordu tradizionala da Txileko euskal komunitatean, bai Viña-Valparaison eta baita Santiagon ere, eta igandearekin bat, berau testuinguru, egin zen elkarretaratzea, aurten uztailaren 30ean. Programa Viñako Estadio Español erakundeko kaperan emandako mezarekin hasi zen eta geroago senidetasun bazkaria gauzatu zen, Sandra Travieso Torrezuriz andereak, egun bi elkarteotako lehendakari denak, ongietorri hitzak luzatuz zizkien bertaratutakoei.
Euzko Etxeko dantza taldea eta Sandra Travieso lehendakaria lore-sortetako bi ematen
Valparaíso-Viña del Mar-eko Euzko Etxeko Dantza Taldeko neska gazteek San Ignazioren irudiari eskainitako aurresku batekin hasi zen ekitaldia, eta bi komunitateentzat garatutako dantza-erakustaldi batek jarraitu zion. Hau egindakoan, omenaldiaren txanda izan zen, lau emakumeetako bakoitzari, Arantzazu Elorriaga, Mariana Sainz, Juani Balbontin eta Myrtha "Pepi" Zunzuneguiri, lore-sorta bana eskuratu zitzaiolarik. Azkenik, San Ignazio bazkariari ekin zioten bertaratutakoek.
Antolaketa aldetik, beste bazkide batzuk ere parte hartu zuten programa osatu eta plazaratzen, hala nola koordinazio lanetan, Lorena Espinosa Zunzunegui-k eta Gonzalo Arellano Bastias-ek, Valparaíso-Viña del Mar-eko Euzko Etxearen izenean; eta Luis Tellok, Estadio Español-eko euskal gizataldearenean, bertako iturriek EuskalKultura.eus-i jakinarazi diotenez. Zorionak omendutakoei eta euskal komunitateetako partaide guztiei!