Valparaiso-Viña del Mar, Txile. 2019ko uztailean hasi zen osatzen Viña del Mar-Valparaisoko Euzko Etxeko abesbatza, une hartan, aurrez aurreko entseguekin. Nestor Aguirre zuzendariak azaldu digu korua sortzeko ideia, 1939an ‘Winnipeg’ itsasontzian etorri zen euskal abesbatzarekin lotuta dagoela. Gogora dezagun ‘Winnipeg’ itsasontzia 1939ko abuztuaren 4an itsasoratu zela Frantziako Poullac-eko portutik eta irailaren 3an iritsi zela Valparaisora, Guerra Zibil garaian Francoren erasotik ihes egindako 2.200 errefuxiaturekin, horietako batzuk euskaldunak. “Itsasontzi horretan osatu zen euskal korua oso garrantzitsua izan zen gure Euskal Etxearen sorreran eta orain gure abesbatzaren sorreran”, azaldu digu Aguirrek.
Nestor Aguirrek gaur egun zuzentzen duen Euskal Ensanblea 2019an hasi zen elkartzen, uztailean, 10 bat lagunekin. “Gero 2019ko urrian Txilen gertatu zen gizarte leherketa etorri zen eta ezegonkortasun politikoa, baina abesteko gure gogoa ez zen gutxitu eta abendura arte jarraitu genuen. Eta Euskal Etxean bertan eta Viñako Estadio Español-en abestu genuen”, kontatzen digu musikariak.
Pandemia Hego Amerikara iritsi zenetik eta orain arte, bertan behera utzi behar izan zuten kantu ekintza antolatzaileek; uztailak, ordea, berri onak ekarri dizkie, abesbatza entseatzen ari baita berriro, oraingoz, plataforma birtual batean. Taldearen kantutegia euskaraz eta gaztelaniazko abesti klasikoek osatzen dute, besteak beste "Ikusi Mendizaleak", "Txoria Txori", "Maitetxu Mía", eta "Loiolan Jai jai" piezekin. Eta Nestor Aguirrek berak euskarari egindako abesti bat ere badago errepertorioan.
Informazioa gehiago jasotzeko edota izena emateko, hemen.