euskal diaspora eta kultura
2010/05/25
PUBLIZITATEA
Viña del Mar, Txile. 2010eko Neguko Barnetegiak egoitza berria dauka: Txileko kostaldean, Bostgarren Erregio txiletarreko Viña del Mar hiria, bertako Eusko Etxea antolatzaile. Bilkura HABEren 'Euskara Munduan' ekimenaren baitangoa da eta uztailaren 17tik 24ra bitartean garatuko da. Viña-Valparaisoko Eusko Etxea lankide ari da horretarako FEVA euskal etxe argentinarren federazioarekin eta Jaurlaritzako HABE erakundea zein Kanpoko Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako Zuzendaritzarekin. Ikasle/irakasleak urtean zehar internet bidezko ikastaroa segitzen dute eta urtean bitan, normalean urtarrilean (hemengo udan) eta uztailean (hemengo neguan), kurtsoa egiten ari direnak bi barnetegiotan biltzen dira, aurrez aurreko eskolak hartzeko.
Urte askotan barnetegiak Argentinan bakarrik egin izan dira, izan ere ikasleak ere ia soilik argentinarrak baitziren. Iazko urtarrilean lehenengo aldiz egin zen barnetegia Argentinatik kanpo, Uruguaiko Montevideon hain zuzen, FIVU ere, Uruguaiko euskal elkarteen federazioa, partaide. Arrakastari oniritzita, aurtengo urtarrilekoa ere Montevideon egin zen, eta negukoa berriz, datorren uztailean, herrialde berri batean saiatuko da, Txilen hain zuzen, eta ez hiriburuan, Bosgarren Erregian baizik, kostaldeko Viña del Mar-en.
Atseginez lanean, eta Ricardo Basterraren bisita
'Euskara Munduan' programaren helburua, tokian tokiko euskara irakasleak sortzea da, hala nola Argentinan Argentinakoak, Txilen Txilekoak eta Kolonbian Kolonbiakoak. Argentina, Peru, Kolonbia, Brasil, Uruguai eta Txile bertakoak espero dira Viña del Mar-en, bertatik ari baitira ikasle, ikasleak irakasle bihurtzea asmo duen programa honetan.
Viña-Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakari den Archibaldo Uriartek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, bera buru den euskal erakundea, eta nonbait gauza bera esan dezake bere buruaz, "atseginez beterik gaude, gogor lanean barnetegia erabat arrakastatsua izan dadin". Uriarte duela gutxi bildua da Viña-n bertan FEVAko lehendakari Ricardo Basterrarekin, buruzagi euskal argentinarrak bisita egin baitzuen kostalde txiletarreko hiri honetara, barnetegia egingo den instalazioak ezagutzearren. Viñako O'Higgins Hotel-a izango da barnetegiko egoitza, bertan egiten baititu Erregioko Eusko Etxek bere bilera eta ekitaldi publikoetako batzuk.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus