General Villegas, Argentina. ‘Pueblos Auténticos (Herri Jatorrak edo benetako herriak)’ izeneko festa Gral. Villegasko Udaleko Kultur Idazkariak astebururo partiduko herri ezberdinetan antolatzen duen jaialdi bat da. Ekintzaren egitarauaren barruan Cañada Seca izango da jaiaren egoitza ekainaren 30ean, eta bertara bilduko dira euskal gizataldeko lagunak sukaldaritza, dantza eta jantzi tipikoekin euskal kulturaren ordezkari.
Datozen asteetan villegastarrek antolatuko dituzten ospakizun berezien artean, Sanferminak ere aipatu behar ditugu. Uztailaren 7an bere egoitzan bertan egingo du San Fermin bazkaria Villegasko Euskaldunak-ek, dantzak, zahato txapelketak eta zozketak barne. Aurten, ordea, jaiko erakargarri edo osagai berria euskal sagardo naturala izango da. Izan ere Argentinan ekoizten hasi den Txapela sagardoak lagunduko du Euskal Etxea ospakizunean eta gonbidatuek sagardoa edateko aukera izango dute, Euskal Herriko sagardotegian egiten den bezala.
Bestelako proposamenei dagokienez, elkartetik jakinarazten dute zeinu hizkuntza eta euskal dantza ikastaroek jarraitzen dutela. Mahaiaren inguruko hilabeteroko topaketek ere segitzen dute eta ekainekoa datorren larunbat honetan izango da, menu honekin: txorizoa sagardo erara, pintxoak eta postre laranja eta kremaduna.
Villegasko Euskaldunak Euskal Etxeari buruzko informazio gehiago, Centro Basko Villegas Facebook kontuan.