euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Villegaseko EE Kimuak-eko filmak ari da ematen, 'euskal zine ziklo oso bat da', erakargarria eta erraza antolatzen

2007/07/19

Laburmetrai zinemaldiaren jardunaldi bat (argazkia Villesgasko EuskaldunakEE)
Laburmetrai zinemaldiaren jardunaldi bat (argazkia Villesgasko EuskaldunakEE)

PUBLIZITATEA

Ekainaren 29an hasi eta datorren urria arte General Villegaseko Euskal Etxeak Euskal Laburmetraien Zinemaldia ari da eskaintzen hamabost egunero. Laburmetraiak azken urteetako euskal produkziorik arrakastatsuenak dira, munduko hainbat zinemaldietan sarituak. Villegaseko Zinemaldia Euskal Etxeak antolatu du, Kimuak programaren laguntzarekin. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen zinema hedapen programa da Kimuak. ‘Saio hauen antolakuntza oso erraza da eta gastua minimoa', adierazten du Sergio Rekarte Gral. Villegaseko euskal etxeko kultura arduradunak, 'gero eta euskal etxe gehiago animatzen dira horrelakoak antolatzera. Ekimenak eta ohiartzunak merezi dute'.
Guztira 54 laburmetraia eskainiko ditu Villegas-ko Euskaldunak Euskal Etxeak Euskal Zinema Ziklo honetan. Joan den ekainaren 29an hasi zen zinemaldia eta urria bitartean luzatuko da. Zinemaldian ikusgai izango diren lanak Kimuak programaren baitan aukeratu eta bultzatutako laburmetraiak dira. 1997an jarri zen abian Euskal Filmategiak eta Jaurlaritzako Kultur Sailak sustatzen duten programa hau eta harrez gero 300 bat laburmetraiaren produkzioa bultzatu du. Horietatik 54 onenak aukeratu eta Kimuak-en promozioak mundu osoko zinemaldietan erakutsi ditu: Programak arrakasta handia izan du eta laburmetraiek nazioarteko 800 bat sari jaso dituzte, tartean Oscar sarietarako bi izendapen.

Villegas-ko Euskal Etxeak 54 laburmetraia onenak dauzka esku artean eta horietxek dira hamabostero zinemaldian erakusgai jarri dituenak. Ekitaldi hau antolatzea 'oso erreza da' eta asko dira dagoeneko era honetako zikloak eskaini dituzten euskal etxeak. Sergio Rekarte, Villegas-ko Euskaldunak-eko kultur arduraduna izan da zinemaldia antolatu dutenetako bat eta bere esperientzia azaldu dio BasqueHeritage.com-i, euskal etxe berriak animatzeko asmoarekin.

'Gastua minimoa da; lana zabalkuntzak eskatzen du'

Laburmetraiek Euskal Herritik General Villegasera egin duten bidea erraza izan da oso. Rekartek azaltzen duenez, ekimenaren berri izan zuenean Txema Muñoz Kimuak programaren arduradunarekin kontaktatu zuen. 'Laburmetraia hauekin zinemaldia antolatzeko, nahikoa da areto bat lortzea eta DVDak emateko ekipoa eta proiektagailua edukitzea. Horiek edukita, gastua minimoa da eta ahalegin nagusia hedapenean, ekitaldiaren berri ematean datza. Ekonomikoki, guk materiala (DVD bat) postaz jasotzeko ordaindu genuena soilik jarri behar izan dugu’. [Goi ezkerreko irudian ikusle gazteak zinemaldiko saio bat hasteko zain]

Laburmetraien materialarekin Villegas-ko Euskal Etxeak bi ekimen antolatu zituen. Lehenik, Gernikaren bonbardaketaren 70. urteurrena dela-eta 'La guerra' laburmetraia inguruetako eskolatara eraman zuen ikusgai. Bigarrenik, joan den ekainaren 29an hasi zen zinemaldi hau antolatu dute eta orain arte egindako saioetan ikuslegoaren erantzuna oso ona izan dela adierazi dute Sergio Rekartek eta euskal etxeko gainerako arduradunek.


Lotura interesgarriak

Villegas-ko Euskaldunak-ek egoitza berria estreinatu zuen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 22an

Zuzendaritza berria Villegas-ko Euskaldunak-en
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 4an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia