euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Villegas-ko Euskaldunak Euskal Etxeak hainbat lagun eta bazkide bilduz inauguratu zuen bere egoitza berria

2007/06/22

Euskal Etxearen egoitza berriaren inaugurazio afariko giroa (argazkia Villesgasko EuskaldunakEE)
Euskal Etxearen egoitza berriaren inaugurazio afariko giroa (argazkia Villesgasko EuskaldunakEE)

PUBLIZITATEA

Elkarteko 80 bat bazkide eta lagun bildu ziren ekitaldira eta giro ederrean afaldu zuten euskal etxearen aurrerapauso hau ospatzeko. Egoitza berria Fasciolo kaleko 51an alokatutako areto bat da eta hemendik aurrera bertan egingo dira euskal etxearen jarduera eta ekitaldi guztiak. Irekiera ekitaldian elkarteak azken urteetan bultzatu dituen ekimenen errepasoa egin zuten eta datozen ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu zuten Villegas'ko Euskaldunak euskal etxekoek. Hurrengo hitzordua uztailak 7a, San Fermin!
Egoitza berria baten inaugurazioa ez da egunero egiten eta Villegasko euskal komunitatea gustura bildu zen joan den larunbatean afari batekin ospatzeko. Oraingoz egoitza berri hau alokatutako lokal bat da, baina elkarteko arduradunek aurreratu dutenez etorkizunean bazkideen ekarpenei esker euren egoitza propioaren eraikuntzan hasi ahalko dira. 'Gaurkoa bezalako ospakizunetan ikusten dugun umore on eta parte hartzeko gogoarekin, argi dago denbora gutxi barru egoitza propioa izateko ametsa bete ahal izango dugula', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Nekane Olazar Bereau elkarteko idazkariak.

[Goiko irudian elkarteko sukaldari taldearen umore ona, afaria prestatzen ari direla (argazkia Villegasko Euskaldunak)]

Afariko menuan, elkarteko bazkideek prestatutako oilaskoa, txilindron erara. Afalostean euskal etxean aurten egiten ari diren jardueren berri eman zen. Hauexek dira: euskera, astelehen, astearte eta larunbatetan (14,00-16,00); euskal dantza, larunbatetan (10,00-12,00); haurren korua, asteartetan (17,00-19,30); argentinar folklorea, astearte eta ostiraletan (18,00-20,00); eta yoga, asteazken eta ostiraletan (14,00-15,00).

Euskal kulturaren inguruko berrien hefatzeari dagokionez, euskal etxeko arduradunek elkarteak hilabetero e-mailez Beti Aurrera izeneko buletina bidaltzen duela gogoratu zuten, eta berau norberaren postontzian hartzeko aski dela gurari hori idazkariari adieraztea. Uhin hertzianoei dagokienez,, 'La hora de los vascos' irratsaioa ere ekoizten du Euskal Etxeak eta plazaratzen ostiralero, 17,00tik 18,00tara, FM Infinitan.

Elkarteko arduradunek euskal etxearen beste ekimen batzuk ere aipatu zituzten, hala nola eskoletan ematen dituzten mintzaldiak, Kimuak programako laburmetraien emanaldiak eta Maitasunezko Gutunen lehiaketa (bide batez, aurtengo ediziorako lanak bidaltzeko epea abuztuaren 31 arte irekita dagoela gogoratu zuten).

Bukatzeko, Villegas’ko Euskaldunak elkarteak eskerrak eman zizkien bertaratu zirenei eta aukera baliatu zuen hurrengo hitzordurako gonbitea luzatzeko: uztailaren 7an San Fermin jaiak ospatuz elkartean egingo den bazkaria eta 'Somos Nosotros' taldearen aurkezpena. [Ezkerreko irudietan inaugurazio afarian egon zen giroa (argazkia Villegasko Euskaldunak)]


Lotura interesgarriak

Villegas-ko Euskaldunak Euskal Etxeak zuzendaritza berritu du
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 4an

Villegaseko 300 ikaslek Gernika gogoratu zuten
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 4an

Eduardo Torryren mintzaldia General Villegasen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 30ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia