euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Villa Mercedesko EEak Gernikako Arbolaren Gunea inauguratuko du igandean hiriko San Martin plazan

2009/12/18

Ezkerrean, forjazko burdin itxitura ederra, 'Gernikako Arbola' dion seinalearekin, erdian kimua dagoela, Villa Mercedesko San Martin plazan.
Ezkerrean, forjazko burdin itxitura ederra, 'Gernikako Arbola' dion seinalearekin, erdian kimua dagoela, Villa Mercedesko San Martin plazan.

PUBLIZITATEA

Villa Mercedesko Euskal Etxeak antolaturik, Gernikako Arbolaren Monumentua deitu izan dutena inauguratuko da datorren igandean hiri puntano honetako San Martin plazan. Egiazki, forjazko burdinez eginiko itxitura artistiko bat inauguratuko da, 2006an Ordiziako Udaleko ordezkariak hemen egon zirenean oparitutako Gernikako Arbolaren kimuaren inguruan ezarri dena, hura zaindu eta babestuagoa egon dadin. Inaugurazio ekitaldean, EEari atxikitako Camerata de la Luna abesbatza arituko da kantari, Ariel Ramirez-en Meza Criolloa kantatuz, besteak beste. Euskal dantzariak ere arituko dira, eta baita perkusio talde bat ere.

Villa Mercedes, Argentina. Gernikako Arbolaren Monumentua deitu izan dute inauguratuko dutena, bertako San Martin plazaren berdegunean hazten ari den Gernikako Arbolaren kimua inguratzen duen itxitura artistikoa, oraindik oso txikia den arbola hobeto zaindu eta inguruan espazio bat ematen diona. Guztia Villa Mercedesko Euskal Etxearen eta bertako eragile den Esnaola-Rouan senar-emazteek antolatu eta gauzatua, horretarako inguruetako burdingintza tailerrik famatuena den "Hermanos Scopellitti"ren lankidetza lortuta.

Inaugurazio ekitaldira hiriko indarrak eta Udaleko ordezkariak gonbidatu dira. Izan ere Villa Mercedesek hasi du harremanbide berezi bat Gipuzkoako Ordizia herriarekin, eta eginak dituzte dagoeneko bisitak bakoitzak beste hirira Ordiziako zein Villa Mercedesko ordezkariek. Aurten, izan ere, Villa Mercedeskoen txanda izan da, eta Euskal Etxeari atxikitutako Camerata de la Luna abesbatza Gipuzkoa aldean ibili da, euren errepertorio argentinar zein euskalduna kantatzen, euskal ordezkari baita Argentinan, bere kantaldietara biltzen dituen euskal kantuak medio.

Euskal Herrian, harrera ezinhobea izan zuen eta EuskalKultura.com-ek orduan esan bezala, urrats berri bat emateko balio izan zuen Villa Mercedes eta Ordizia eta Euskal Herriaren arteko harremanei dagokienez. Kantariok, nola ez, igandeko ekitaldian izango dira, berau edertzen, eta besteak beste Ariel Ramirezen Meza Cariolloa kantatuko dute. Eurekin batera, Maria Sonia Rodriguez Mendozak zuzentzen duen euskal dantza taldea ere arituko da, eta perkusio talde batek ere egingo dio bere ekarpena aipatu ekitaldi honi.

Lucio V. Mansilla balletak ipiniko dio amaiera hitzorduari, jaiotza tradizional bat antzeztuz, ondoren 'Papa Noel' eta Olentzeroren txanda helduko delarik, gazte eta ez gazteei opariak ematen.

Gernikako Arbola eta Gernikaren sinbologia osoarekin lan egitea Euskal Etxeak Villa Mercedesko herriari egin nahi dion ekarpen bat da, euskaldunak eta Arbola bera eta hemen ordezkari duen kimua eta monumentua Bake eta Elkarkidetasun eredu eta adierazle izan daitezen nahi baitite bere buruzagiek. Heldu den igandean, urrats berri bat emango dute.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia