euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Villa Mercedeseko EEak bertako plazari Ordiziakoaren itxura emateko proiektua aurkeztuko du bihar

2012/10/18

Ur tanke Plaza goitik ikusita - maketa
Ur tanke Plaza goitik ikusita - maketa

PUBLIZITATEA

Urriaren 19an, bihar ostirala, aurkeztuko diote Villa Mercedeseko Euskal Etxeko arduradunek proposamena probintzia eta hiriko agintariei. ‘Amancaya’ izeneko proiektuaren helburua hirian dagoen ur tankeari eta tankearen inguruari Ordiziako enparantzaren itxura ematea da. Zaharberritzearekin batera, Goierriko tradizio handiko plazan burutzen diren ekitaldien antzeko aktibitateak ere bultzatu nahi dituzte euskal gizataldeko ordezkariek. Azpimarratu behar da, gainera, planaren oinarriak Magdalena Mignaburu lizentziatuak idatzi zituela euskal etxeak eskaturik. Mario Merlo alkatea eta Jorge Diaz gobernadoreordea bertan daudela egingo da aurkezpena bihar iluntzeko 7etan.

Villa Mercedes, Argentina. 'Amancaya' ('zitoria' izeneko lorea, kitxua hizkuntzan) San Luis probintziako Villa Mercedeseko Euskal Etxeak aurrera eraman nahi duen proiektuaren izena da. Proiektuaren helburua kulturgune berri bat sortzea da Villa Mercedes-en, hiri eta probintzia mailan eragina izango duen proposamen bat.

Izan ere, kulturgune berriak ezaugarri berezi bat izango du: “Villa Mercedes eta Gipuzkoako Ordizia herriek elkarren arteko senidetzea sinatu genuen 2007an. Beraz, gure artean dagoen harreman estua kontuan hartuz eta hirian daukagun ur tankeak Ordiziako plazaren nolabaiteko antza daukala ohartzean, pentsatu genuen proiektu polita izango litzatekeela tankea eta bere ingurua berritzea Ordiziako plazaren itxura emanez”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Julio Esnaola euskal etxeko kideak.

Baina berritze lanen xedea ez da lekua hobetzera mugatzen. Izan ere, EuskalKultura.com-ek kontsultagai izan dituen planaren oinarrietan azaltzen denez, Ordiziako plazaren 'giroa', eta batez ere duela bostehun urte asteazkenero Ordizian egiten den azokako giroa --aktibotasun, eragiletasun eta ekonomia eta kulturaren bultzatzaile gisa-- erreproduzitzea ere bada asmoa. Horren baitan, Villa Mercedeseko abeltzain eta landa eremuko ekoizle txikien eta artisauen produktuak bultzatu nahi dira.

  Villa Mercedeseko Amancaya proiektua 2012 01 

[Julio Esnaola tankearen eraikinaren eta egituraren barruan (argazkia EE)]

Horretaz gain, eta beste batzuen artean, ‘Amancaya’ren baitan, “hiriko ondare arkitektonikoaren balioa handitzea, tankeko beheko pisuan hiriko museo historikoa eraikitzea, ekitaldi kulturak antolatzea, Ordizia eta Villa Mercedesen arteko trukeak sendotzea eta turismoa sustatzea” ere badira proiektuaren helburuak.

Amancaya proiektua Villa Mercedes 2012 02

[Julio Esnaola eta Liliana Rouan, Magdalena Mignaburu eta proiektuan lan egin duten arkitektoekin  (Mignaburu EE)]

Azpimarratu behar da ideiaren sortzailea Villa Mercedesko Euskal Etxea bera dela, eta erakundearen izenean, Julio Esnaola eta Liliana Rouan direla proposamenaren arduradunak. Haiekin batera Mario Cocuche eta Juan Ramirez Almanza arkitektoak arduratu dira planoez eta Magdalena Mignaburu lizentziatua planaren oinarriak idazteaz. Proiektua bihar aurkeztuko zaie Mario Merlo alkateari eta Jorge Diaz gobernadoreordeari. Euskal etxeko kideen eta herri-agintarien arteko elkarretaratzea iluntzeko 7etan izango da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia