euskal diaspora eta kultura
2010/11/29
PUBLIZITATEA
Villa Mercedes, Argentina. Villa Mercedeseko Euskal Etxea elkarteak kontzertua antolatu zuen koralen lantegiaren bukaera ospatzeko. Ekitaldia elkartearen egoitzan egin zen (Fuerte Constitucional, 95) eta lagun eta bazkide asko bildu ziren bertara. Emanaldiko izarrak, zalantzarik gabe, euskal etxeko Haurren Koraleko kantari txikiak izan ziren. Txikiak, tamainaz baino ez, euren emanaldia izan zelako txalo gehien bildu zituena.
Claudia Cuatrochio eta Daisy Cabeytu zuzendarien gidaritzapean, gaztetxoek 'Agur Jaunak' kantuarekin bukatu zuten kontzertua. Azken pieza hau "zoragarria" eta "hunkigarria" izan omen zen, elkarteko lehendakariak, Liliana Rouanek, EuskalKultura.com-i azaldu dionez. "Emanaldira lagun asko etorri ziren (tartean haurren gurasoak, aiton-amonak eta lagunak) eta asko gozatu zuten denek gure gaztetxoen kantuekin. Gazte hauek izango dira etorkizunean gure kultura zabalduko dutenak, kantu, musika eta dantza bidez", gehitu zuen.
Mar del Platako Euskal Astean
Emanaldi honez gain, Villa Mercedesko Euskal Etxeak beste ekimen ugari egiten ditu euskal-argentinar kultura ezagutarazteko asmoz, besteak beste, haur eta nagusientzako kantu lantegiak, perkusio lantegia, euskal musika tresnen lantegiak eta marrazki eta arte lantegiak.
Lantegi hauetan ikasitakoa eta landutakoa azaroan Mar del Platan egin berri den Argentinako Euskal Astea Nazionalera eraman zen ikusgai. Asteko ikuskizun eta erakustaldietan partaide izan ziren Villa Mercedeseko dantza taldea (Maria Sonia Rodriguez Mendozaren zuzendaritzapean), perkusio taldea (Carlos Cabrerak zuzenduta) eta 'Camerata de la Luna' abesbatza (Francisco Mensak zuzenduta). Elkarteko iturriek azaldu dutenez, euren emanaldiek oso harrera ona izan zuten eta euskal etxeak hori dela eta bere "poza eta harrotasuna" agertu du.
Talde hauetako partaideez gain, Euskal Astean elkarteko ordezkaritza bat izan zen, Liliana Rouan lehendakaria eta Juan Jose Cabeytu idazkaria buru. Eurekin batera joan zen, partikular bezala, Villa Mercedeseko Udaleko Kultura Arloko zuzendaria, Martina Segura, dantza taldeko kide den bere bilobaren emanaldia ikustera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus