Cordoba probintziako gizatalde jai garrantzitsuenetako bat da ‘Todo el Mundo en Alta Gracia' (Mundu guztia Alta Gracian) jaialdia eta euskal kolektibitatea ezin zen kanpoan geratu. Urtetan zehar, beraz, inguruko euskal etxeetako dantza taldeak txan dakatu izan dira euskal partaidetza bertan bermatzearren. Aurten, hirugarren urtez jarraian, Villa Mariako Jai Alai taldeak hartu du bere gain euskal kulturaren ordezkari izateko ardura. Euzko Etxea-ko dantzari gazte eta helduak desfilean eta taula gainean aritu dira.
Alta Gracia, Argentina. Urtarrilaren 30etik otsailaren 6ra arte luzatu da aurten ‘Mundu guztia Alta Gracian’ jaialdia, izen handiko hainbat artista eta mundu osoko hainbat gizatalde partaide. Euskal kolektibitateari dagokionez, Alta Gracia hirian bertan ez dago gaur egun Euskal Herria ordezka dezakeen erakunderik… baina hau ez da sekula izan oztopo euskaldunen presentzia bermatzeko. 2016an, Cordoba probintzia bereko Villa Mariako Euzko Etxea Euskal Etxea gonbidatu dute antolatzaileek. Hasi zenetik, Cordoba hiriburuko Cordobatarrak taldeko dantzariak eta gaur egun desagertua den Entre Riosko Paraná-ko Ibai Guren Euskal Etxeko dantza taldeko kideak ere izan dira euskaldunen ordezkari Alta Graciako ekimen entzutetsuan.
Kolektibitateen jaialdiaren 29. edizio honetan, inaugurazio desfilean eta musika eta dantza ikuskizunean ere hartu zuten parte Euzko Etxea-ko lagunek. Kabalkada Alta Graciako hirigune historikoan egin zen, kalez kale, eta aukera paregabea izan zuten Euskal Etxeko dantzariek euren jantzi tipikoak luzitzeko. Ikurrina eta euskal soinuak ere zabaldu zituzten hirian zehar.
Tauletara igotzeko momentuan, Jai Alai taldeko helduak eta gazteak izan ziren ikuskizuneko protagonista, guztira hogei bat dantzari. Jaialdiaren lehenengo gauean, ‘Azkoitia’, ‘Arku Dantza’ eta ‘Arin Arin’ dantzak eskaini zituzten Jai Alai-koek eta txalo beroak jaso publikoarengandik. Gogora dezagun ‘Mundu guztia Alta Gracian’ jaia probintziako jendetsuena dela eta ehun milatik gora lagun biltzen dituela urtero.
Bell Villen ere bai
Jai Alai taldearen 2016. urteko emanaldiak, ordea, urtarrilaren 16an hasi ziren Cordoba probintziako beste Kolektibitateen Jai batean. Lehoien Klub antolatzaileak gonbidaturik, Bell Ville herriko festaren 7. edizioan dantzatu zuten Villa Mariako dantzariek, oraingo honetan, heldu, gazte eta txikien taldeek. Euskal Etxeko kideek azpimarratu nahi ian diote EuskalKultura-com-i, anfitrioiek taldearekiko izandako jarrera ona, eta batez ere herriko ekitaldiok euskal kulturaren berri emateko daukaten garrantzia.