euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Villa Mariako Euzko Etxeak bihar eta igandean egingo ditu Urteko Biltzar Nagusia eta San Ignazio Jaia

2009/07/30

Villa Mariako Euskal Etxeko barrualdeko ikuspegia, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)
Villa Mariako Euskal Etxeko barrualdeko ikuspegia, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Uztail amaiera ekintzez bete samarra Villa Mariako Euzko Etxea egiten ari dena, batetik --eta EuskalKultura.com-eko agendak garaiz iragarri bezala-- atzo bertan burutu baitzen Alex de la Iglesia zine zuzendari bilbotarrari eskaintzen ari zaion emanaldi zikloko hilabete honetako proiekzioa, 'La Comunidad' eskainiz. Horrekin batera, elkarteko Ohiko Biltzar Nagusirako deia egin du biharko euskal etxeak; eta iganderako, berriz, San Ignazio Eguneko Jaia programatu du, meza eta bazkariarekin, etxeko dantzari txiki, gaztetxo eta gazteak arituko direla, ekitaldiko etekinak euren Bahia Blancako Euskal Asterako bidaia ordaintzen laguntzeko.

Villa Maria, Argentina. Villa Mariako Euzko Etxeak uztaila itxi eta abuztua hasteko aste ekintzez betea iragarri du. Atzo bertan burutu zuen urrira arte luzatuko den Alex de la Iglesia zuzendari bizkaitarrari eskaintzen ari zaion zine zikloko emanaldi berri bat, haren 'La Comunidad' deitu filma proiektatuz, 'bizilagunen terrore filma, suspense klaustrofobikoa eta etxekoandre ekintza uztartzen dituena, giza trajeria  eta umore bihurri dosi altuak osagarri, hauek guztiak Bilboko zuzendariaren etxeko marka direla'.

Biharko, berriz, --uztailaren 31 eta San Ignazio eguna izaki-- Euzko Etxea-k erakundearen Ohiko Biltzar Nagusirako deia luzatu du. Gai zerrendan dauzka, etxeko kontuak eta balantzea aipatu eta onartzera emateaz gainera, Zuzendaritza Batzordearen zati bat berritzea, tartean EEko lehendakariordea, idazkariordea, diruzainordea eta hiru batzordekide titular, guztiak bi urteko lanaldirako, eta baita hiru batzordekide ordezko, hiru kontu ikuskatzaile titular eta kontu ikuskatzaile ordezko bat ere, azken hauek guztiak urte beterako.

Iganderako, ostera, erakundeak urtero eta bere sortze egunetik ospatzen duen hitzordu garrantzitsu baterako deia egin du Euzko Etxeak, esan nahi baita San Ignazio Eguna ospatzeko deia. Eguna goizeko 10:30etan hasiko da, Aita Trinitarioetan egingo den mezarekin, EEko Denak Bat korala kantari. 12:30etatik aurrera euskal egoitzako Euskal Herria Aretoa bilakatuko da ardatz, bazkari herrikoiaren txanda izango baita, menu zinez bereziarekin, hala nola enpanadak, arkumea txilindron erara eta mahaiburukoa. Bazkaldu bitartean, etxeko hiru dantza taldeak arituko dira, txiki, gaztetxo eta gazteak alegia. Txartelaren prezioa 30 pesotan ipini da, etekinak oso-osorik dantzariak Bahia Blancako Euskal Astera joateko zabaldutako kutxara joango direlarik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia