euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Villa Mariako Euzko Etxeak ‘baietz’ esan dio bosgarren urtez jarraian ‘Mundu guztia Alta Gracian’ jaialdiari

2018/02/16

Villa Mariako Euzko Etxea eta Balear Etxea elkarteko kideak 2018ko 'Todo el Mundo en Alta Gracia' jaialdian
Villa Mariako Euzko Etxea eta Balear Etxea elkarteko kideak 2018ko 'Todo el Mundo en Alta Gracia' jaialdian

PUBLIZITATEA

Hiriko eta herrialde osoko kolektibitateak eta bestela ere izen handiko artistak batzen ditu urtero ‘Todo el Mundo en Alta Gracia (Mundu guztia Alta Gracian)’ jaialdiak Cordoba probintziako Alta Gracia hirian, aurten otsailaren 3tik 10era. Villa Mariako Euzko Etxeak hartu du aurten ere bere gain Euskal Herriko kultura erakusteko ardura eta dantza ikuskizun batekin egin du: Jai Alai taldeko dantzari txiki eta gazteek euskal dantzen pot-pourri alaia eskaini diete bertaratutakoei.

Alta Gracia, Argentina. Cordoba probintziako Alta Gracian ez dago momentuz euskal kolektibitate antolaturik eta inguruko euskal etxe eta gizataldeak hartzen dute bere gain jaialdian Euskal Herriaren ordezkaritza eramateko ardura. Aurten eta bosgarrenez jarraian Villa Mariako Euzko Etxeak hartu du bere gain lan hori, Jai Alai bere dantza taldea koordinatzaile.

Jai Alai taldeko kideek otsailaren 9an dantzatu zuten jaialdiko agertoki nagusian. Bi zatitan banaturik, 'Zuletino', Polka, Fandango eta Arin Arin taularatu zituzten txikiek eta gazteek. EuskalKultura.com-ekin hizketan, Euskal Etxeko lehendakari ohi Ismael Martinez de Alegriak azaldu du aurten talde txikia elkartu zela jaialdira joateko, kide batzuk oporretan suertatu baitira. “Hori dela eta Villa Mariako Balear Etxeko lagunekin joan gara, guztira 35 bat pertsona gure herria eta gure jaioterriak ordezkatzeko. Eguraldi txarra gorabehera, pasa, oso ondo pasa genuen eta gure kulturaren adierazpen artistiko batzuk erakutsi ahal izan genuen”, adierazi digu Martinezek.

Gogora dezagun bai Euskal Etxea bai Balear Etxea Villa Mariako kolektibitateen batzordeko kide direla. Alta Gracian, bestalde, 30etik gora gizataldek hartu zuten parte musika eta dantza ikuskizunetan eta sukaldaritza patioan.

2018ko egitaraua

Alta Graciako jaialdiak eman dio hasiera Villa Mariako Euzko Etxeko urteko ekintzen programari. Euskal etxeko kideak barne lanetan ari dira, martxotik aurrera garatu behar duten ekintza programa osoa abiatu ahal izateko: dantza eta euskara klaseak, eta topaketak, hitzaldia, zine emanaldiak… egitarautzeko. Martxoan gainera ‘Anima Zaitez’ programaren 3. edizioan parte hartzeko deialdia zabalduko dute. ‘Anima Zaitez: euskal kultura zabaltzen’ truke-programaren bidez Euskal Herriko laupabost gazte etortzen dira Argentinara uztailean, bi astez euskal kulturari buruzko tailerrak ematera. Aurtengoan ere, behin data eta baldintzak adostuta, EuskalKultura.com-en eta programaren Anima Zaitez Facebook kontuan argitaratuko da deialdia.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia