euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Villa Maríako Euzko Etxeak 78 urte ospatuko, lehiak, afaria, haur herri jolasak, zinea, meza eta online hitzaldia eskainiz

2024/09/20

Abesbatza, Deysi Giordanoren zuzendaritzapean; Euskara eskolak, Flor Deniz irakaslearekin; Pilota eskola, Nicolás Vespriniren eskutik eta Luis Carricaburuk zuzendutako Danborrada dira Villa Maríako Euzko Etxeak antolatutako ohiko jardueretako batzuk
Abesbatza, Deysi Giordanoren zuzendaritzapean; Euskara eskolak, Flor Deniz irakaslearekin; Pilota eskola, Nicolás Vespriniren eskutik eta Luis Carricaburuk zuzendutako Danborrada dira Villa Maríako Euzko Etxeak antolatutako ohiko jardueretako batzuk

PUBLIZITATEA

Villa María, Argentina. Duela zortzi hamarkada luze, Cordoba probintziako eskualde honetara, nekazaritza eta abeltzaintza eremura, eta Argentinako esne-arro nagusietako baten erdigunera, iritsi ziren aitzindariek amets bat zuten. Garai hartan, inguruko lur sailetan bizi ziren familia euskaldunak euren etxeetan elkartu ohi ziren, baina txoko komun batekin amets egiten zuten, bertan elkartu, aterpea hartu eta jaiak ospatzeko. Duela 78 urte errealitate bihurtzea lortu zuten, eta horregatik, urtero, irailaren 29an, amets berrien aldeko apustua eginez, Euzko Etxeko kideek ospatu egiten dute, sortzaile sutsu haien omenez. Aurten, ohi bezala, jarduera ugarirekin egingo dute, gustu guztietarako eta publiko guztiari irekita.

Ospakizuna gaur bertan, irailaren 20a, ostirala, hasiko da, gaueko 9etan, Zuberoa Aretoan. Urte osoan zehar jokoan aritzen diren Truko eta Txintxonzaleak Urteurren Txapelketa berezia lehiatuko dute.

Astelehenean, irailaren 23an, euskara protagonista, afari bat partekatzea da proposamena. Atzoko eta gaurko euskara ikasleak, eta inguruko euskaltzaleak, “Euskarafarian” elkartuko dira, 21etan, Zuberoako Aretoan.

Asteartean, irailaren 24an, “Kultur turismoa: Euskal Herrirako Tourra” hitzaldi birtuala izango da, Mariana Dominé Irigoyenen eskutik. Publiko guztiari irekita, 18:30ean izango da, Meet plataformaren bidez. Sarbide-datuak eskuratzeko, Whatsapp bidez +549 353 4213400 Euzko Etxeko telefonora harremanetan jarri behar da.

Ostegunean, irailaren 26an, Euzko Etxearen etorkizuna direnei eskainiko zaie. Beñat Aizpuruaren eskutik, haurrek herri kirolak ezagutu eta gozatuko dituzte,17:30ean, Euzko Etxeko frontoian.

Igandean, irailaren 29, ekitaldia goizeko 10etan hasiko da, Santísima Trinidad Parrokian, 78. Urteurrena ospatzeko mezarekin. Arratsaldean, jarduera INCAA Espazioko “Leonardo Favio” Kultur Zentro Komunitarioan gauzatuko da. Urteurren honetarako bereziki egindako gestioei esker, arratsaldeko seietan, “El Vasco” filma izango da ikusgai berriro ere, hiriko hainbat txokotan egina, euskal etxeko kideen laguntza eta partaidetzarekin. Ekitaldien egitarauari amaiera emateko, Urteurreneko Brindisa egingo da, arratsaldeko zortzietan, Euzko Etxeko “Euskal Herria” Aretoan.

“Ilusio handiz espero dugu heldu den astea, ahalegin handiz lortu dugulako euskal kulturaren inguruko hainbat proposamen bateratzea, publiko eta adin guztietakoentzat. Interesgarria iruditzen zaigu eskaintzea gure bazkideei, zein Villa Mariako bizilagun orori, eta, hitzaldi birtuala kasu, munduko edozein tokitakoei, jarduera irekiak baitira. Bat egitea espero dugu!”, adierzi dio EuskalKultura.eus-i Euzko Etxeko bokal eta euskara irakasle den Florencia Denizek.

Zorionak Euzko Etxea!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia