euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Villa Mariako Euzko Etxeak 77 urte ospatuko ditu San Migel egunean, meza, gorazarre Gernikako Arbolari eta bi txapelketez

2023/09/22

Ezkerreko irudian, Eugenio Onnainty, Florencia Deniz, Lucía Torillo, Victoria Echeverría eta Valentín Gortari, Jai Alaiko dantzariak “El Vasco”ren estreinaldian. Eskuinean, 77. Urteurreneko Truko eta Txintxon txapelketarako deialdia
Ezkerreko irudian, Eugenio Onnainty, Florencia Deniz, Lucía Torillo, Victoria Echeverría eta Valentín Gortari, Jai Alaiko dantzariak “El Vasco”ren estreinaldian. Eskuinean, 77. Urteurreneko Truko eta Txintxon txapelketarako deialdia

PUBLIZITATEA

Villa María, Argentina. Oraindik irribarrea aurpegian “El Vasco” filmaren estreinaldiagatik pozarren, Villa Maríako Euzko Etxeko kideak bertako euskal elkartearen urteurreneko ospakizunak iragarri dituzte. Astebete barru, irailaren 29an, San Migel edo Mikel Deunaren egunean, Euzko Etxeak 77 urte beteko ditu eta bazkideek proposamen berri batekin ospatuko dute, asteburu osoan zehar, izan ere lehenengo “Truko eta Txintxon Txapelketa” antolatu baitute, guztiei irekia. Ohitura denez, meza izango dute eta, ondoren, omenaldia eskainiko diote hiriko Gernikako Arbolaren kimuari.

Irailaren 29an, ostirala, 20:30etan, Euzko Etxearen egoitzan elkartuko dira txapelketak jokatzeko. Truko Txapelketa bikoteka jokatuko da eta Txintxonek, berriz, banakako partaidetza izango du. Izena emateko, 6.000 eta 1.000 peso ordaindu behar dira, hurrenez hurren, eta inskripzio gisa bildutako zenbatekoaren %80a izango da saria. Partidak jokatu bitartean buffet zerbitzua eskainiko zaie parte-hartzaile eta lagunei.

Euskal Herriaren ikur, Gernikako Arbolaren kimua 1959tik da hiriko Mendeurreneko Plazan Villa Mariako euskaldunen lagun eta erreferentzia

Urriaren 1ean, igandea, goizeko 10etan, Villa Maríako Santísima Trinidad elizan, meza emango da. Bukatutakoan kalejira antolatuko da, Centenario plazaraino eta bertan, 11etan, Jai Alai taldeko dantzariek aurreskua dantzatuko dute, 1959tik hor hazten ari den Gernikako zuhaitzaren kimuaren gorazarre. Euzko Etxeko Denak Bat Abesbatzak, Lorena Marínen zuzendaritzapean, lagunduko du bai mezan zein kimuaren inguruan egingo den ekitaldian.

Zorionak Euzko Etxea!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia