Villa Maria, Argentina. Euskal diaspora ardatz izango duen film luze bat filmatuko dute aurten Villa Marian eta bisita izan dute karia horretara bertako Euzko Etxean, tartean Cordobako Ikus-Entzunezko Guneko eta 'Prisma’ eta ‘Film Andes’ ekoiztetxeetako arduradunak. Elkarteko kideekin izandako bileran ekoizleek euskal etxearen laguntza eskatu zuten, besteak beste errodajea egiteko lekuak topatu eta horiek girotzeko. Filma Mendozan eta Donostian ere grabatuko da eta euskal argentinar ekoizpena izango da.
Cordobako El Diario del Centro del País egunkariak azaldu duenez, zuzendariak Euskal Herriko Xabi Zabaleta eta Jabi Elortegi izango dira. "Komedia dramatikoa izango da, Prisma Cine eta El Oeste Films enpresek ekoitzia. Lanak Cordoba probintziaren babesa izango du eta tokian tokiko kutsua emateko, Mario Pedernera zuzendari villamariatarra ari da aholkulari.
Euzko Etxetik baieztatu digute ekoizleen esanetara jarri direla, batez ere aukeratutako kokalekuak girotzeko materialak bilatzeko. ‘El Vasco’ filmak Hego Amerikara etorri zen euskal jatorriko jendearen historia kontatuko du eta protagonistak Alejandro Awada, Ines Efron, Muriel Santa Ana eta Eduardo Blanco --izen handiko aktore argentinarrak-- izango dira.