Villa Maria, Argentina. Villa Mariako Euzko Etxeak, Cordoba probintzian, iragarri du bere Danborrada partaide izango dela, euskal kolektibitateko ordezkari, Santiago del Estero hirian asteburu honetan, maiatzaren 5 eta 6an, egingo den Argentinako Gizataldeetako Buruzagien 6. Topaketa Nazionalean. Izen bereko probintziako hiriburu, Santiago del Estero, Villa Mariatik ia 600 kilometrora dago, autoz ia zazpi ordu, eta iazkoa Tandilen egin ostean, aurten Confederación Argentina de Colectividadesek topaketa bertan egitea erabaki du, bertako Agrupación de Colectividades de Santiago del Estero lankide.
Euskal etxe cordobatarrak adierazi du bere ordezkaritza Santiago del Esteron Danborrada izango dela, eta honekin batera bertaratuko den elkarteko Zuzendaritza Batzordea eta gizataldeko beste bazkide eta lagun talde bat. Gizatalde Topaketako programak hitzaldiak, solasak, eskarmentu trukeak eta gizataldeei dagozkien historia, legegintza, hezkuntza, eraketa eta alderdi gehiagotako saioak eskainiko ditu, iragana, oraina eta geroa hizpide, tartean gai eta era desberdinetako tailerrak eta baita Gizatalde Jaialdi bat ere. Hemen kontsulta dezakezu.