Villa Maria, Argentina . Aste honetan ekingo die Cordoba probintziako Euskal Etxe honek bere 75. urtemugako ospakizunei. Egitaraua azteazkenean, irailaren 29an hasiko da esker-emate meza eta omenaldi batekin. Meza Aita Trinitarioen Elizan izango da, arratsaldeko 7etan eta omenaldia Euzko Etxearen egoitzan. Zeremonian plaka oroigarri bat desestaliko dute eta ondoren topa egingo. Urteurren afaria, berriz, larunbatean, urriaren 2an izango da, hiriko Sociedad rural edo Nekazaritza Elkarteko aretoan.
Protokolozko zeremonia iluntzeko 7etan hasiko da, banderadunak, ereserkia eta Aurreskua partaide. Euskal Etxeko alkate berria ere izendatuko dute eta gogoan hartuko dira euskal elkartea sortu zutenak, laguntzaile izan direnak, ‘Emakumeak’ izeneko taldea, lehendakari ohiak eta kultur ekintzetako zuzendariak, guztiek egindako lana nabarmenduz. Afaria gaueko 9etan hasiko da eta pandemiagatiko protokoloari jarraitzeaz gain, lekuak mugatuak izango dira.
Horrexegatik hain zuzen afarirako txartelak lehenbailehen erreserbatzea gomendatzen da. Euskal Etxeko idazkaritzan, 0353 156 579 803 telefonoan, arratsaldeko 4etatik 8etara, edo WhatsApp bidez.
Urteurren logotipoa
75. urteurreneko logoa aukeratzeko lehiaketa egin zuten Euzko Etxeko lagunek bazkideen artean. Irabazlea, esan nahi baita erabili den logotipoaren diseinatzailea Karen Estrada bazkide eta dantzaria izan da. Karen arkitektura eta diseinu grafiko ikaslea da Cordobako Unibertsitate Nazionalean.
Urtemugako karteletan agertzen den irudian, euskal tipografia ez ezik, baserri baten aurrealdea agertzen da eta bertan Argentinako bandera eta ikurrina. “Elementu hauek euskal nortasunaren balioak eta euskal kultura babesteko egiten dugun lanaren adierazgarri dira”, azaldu dute Euskal Etxeko lagunek.
Urteurren programari buruzko informazio gehiago, hemen.