Viedma, Argentina. Viedma eta Carmen de Patagoneseko Euskal Etxeak egokitu behar izan ditu bere aktibitateak Koronabirusa dela eta ezarri diren neurrietara. Ekintza batzuk online egiten dira, euskara klaseak eta abesbatzaren entseguak kasu. Bestelako proposamenak ere agertu dira, ordea, eta hauen artean irakurketa sustatzeko proiektu berri bat. Programa honi esker, Euskal Etxeko kideek euskal gaiei buruzko liburuak eskatu eta eskura ditzakete Euskal Etxeko liburutegiarengandik eta etxean jaso, honela etxealdia errespetatuz.
Ekimenaren arduraduna den Guillermo Jocanok EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, “300 bat izenburu zerrendatu genituen Excel artxibo batean eta bazkideei bidali genizkien euren gustukoak aukera zitzaten. Euskal Etxeko liburutegian euren hautua jasotakoan (gjocano@rnonline.com.ar helbidean), taxiz bidaltzen ditugu aleak. Mailegua hamabost egunekoa da baina luzatu daiteke”.
Proposamenak bidalketaren kostua baino ez du. Eta oso erraza da edozein herri(txiki)ko euskal etxean errepikatzeko, irakurtzen jarraitzeko... etxetik atera gabe, noski!