euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedma-Patagoneseko Aberri Etxeak bere 25. urteurrenari buruzko liburua aurkeztuko du Rio Negroko Legislaturan

2023/04/20

“Izan zirelako, bagara… 25 urte Euskal Etxea Aberri Etxea. Viedma, Carmen de Patagones eta Eragin eremua 1996 - 2021” Rio Negroko Legebiltzarrean aurkeztuko den liburuaren azala
“Izan zirelako, bagara… 25 urte Euskal Etxea Aberri Etxea. Viedma, Carmen de Patagones eta Eragin eremua 1996 - 2021” Rio Negroko Legebiltzarrean aurkeztuko den liburuaren azala

PUBLIZITATEA

Viedma, Argentina. “Izan zirelako, bagara… 25 urte Euskal Etxea Aberri Etxea. Viedma, Carmen de Patagones eta eragin eremua 1996 – 2021" (sic) liburua datorren asteko asteazkenean, apirilaren 27an, arratsaldeko 19etan, aurkeztuko du Viedma hiriko Rio Negroko Legislaturan, Aberri Etxeko erreferente den Ruben Suarezek. Euskal etxe patagoniarraren 25 urteotako ibilbide instituzionalari eskainitako lan kolektibo baten emaitza da liburua eta Rio Negroko Legislaturak berak plazaratu du.

Izan ere, hogeita bost urteotako ibilbidean bidelagun izan du eta sorreratik eman dio sostengua Legealdiak Aberri Etxeari. Liburukiaren azala eta kontrazala, baita aurkibidea ere, elebidunak dira dira eta euskaraz eta gaztelaniaz irakur daitezke bere esaldi eta eduki guztiak.

25 urte euskal kultura landu eta hedatzen

Liburuak Mikel Ezkerroren hitzaurrea du, eta 1996 eta 2021 urteen arteko esperientzia instituzionala jasotzen du 5 atal hauetan banatuta: lehenengoak, “Euskal Komunitatea diogunean, zertaz ari gara?” du izenburu. Bigarrenak, “Aberri Etxea Euskal Etxea, ibilbide instituzionala 1996-2021”. Hirugarrenak “Lehendakarien memoriak” gaia jorratzen du. Laugarrenak, Aberri Etxeko lan arloak. Eta bosgarrenak “Asoziazio-jarraipena eta hedapen instituzionala”. Amaierako hitzetan, Patagoniako euskal kultura baten ideia jasotzen dute. Hiztegi bat ere biltzen du, bazkide sortzaileen zerrenda, Zuzendaritza Batzordeena eta 94 argazkiko galeria bat.

 “Liburua ez da salgai egongo, instituzioak oparituko du”, adierazi dio Aberri Etxeko Kultura Saileko koordinatzaile Ruben Suarezek EuskalKultura.eus-i. Arrazoi teknikoengatik, lehen tirada hau ale gutxikoa izango da Hori dela eta aurten bertan bigarren edizio bat egitea espero dute, zabaldua eta zuzendua, eta bertan,primizia, Euskal Etxearen aurrekariei buruzko aurkikuntzen berri emango da.

Zorionak, Aberri Etxea eta Viedma eta Carmen de Patagones aldeko lagunak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia