euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedma eta Patagonesko Euskal Etxeak ‘Mujeres en Berrigorria’ antzeztuz itxiko du bere 20. urteurrena

2016/11/30

Beti Aurrera Aberri Etxea Euskal Etxearen 20. urteurren afaria
Beti Aurrera Aberri Etxea Euskal Etxearen 20. urteurren afaria

PUBLIZITATEA

Mota askotako ekintzak egin dituzte azken aste hauetan Beti Aurrera Aberri Etxea Euskal Etxeko lagunek instituzioaren 20. urtebetetzea dela eta. Ospakizunen programa datorren larunbatean bukatuko da, Euskararen Nazioarteko egunaren baitan, euskara omentzeko ezohiko aktibitate batekin: Victor Ruiz Añibarroren ‘Mujeres en Berrigorria’ antzezlana aurkeztuko du horretarako propio sortutako Leneas antzerki taldeak.

Viedma, Argentina. Euskal Etxearen urteurrena eta Euskararen Eguna ospatuko ditu Viedma eta Carmen de Patagoneseko euskal kolektibitateak abenduaren 3an aurkeztuko duen antzezlanarekin. Antzerki lana ‘Mujeres en Berrigorria’ (Emakumeak Berrigorrian) da eta 1938. urtean Argentinara erbesteratu zen Victor Ruiz Añibarro idazle gipuzkoarrarena da. Lan hau taularatzeko propio sortutako Leneas taldean Euskal Etxeko kide batzuk aritzen dira, tartean taldearen zuzendaria bera, ‘Negrita’ Handia.

‘Mujeres en Berrigorria’ abenduaren 3an aurkeztuko da, iluntzeko 8:30etan, Viedmako Maria Auxiliadora eskolako aretoan.

20 urteko historia

Berez, urtemugaren programa azaroaren 14an hasi zen Euskal Etxearen kide sortzaileei egindako omenaldi batekin. Zeremonia Viedmako Legebiltzarreko Aretoan egin zen, bi zatitan antolatuta. Hasteko, Beti Aurrera Aberri Etxeko lehendakari Raul Goicoecheak hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei eta horren ostean zapi bana eskuratu zitzaien fundatzaileei. Hirurogei bat lagunek jaso zuten urteurrenaren irudia brodatuta zeukan zapia. Ondoren Mikel Ezkerrok ‘Euskaldunen misterioa’ izenburuko hitzaldia eskaini zuen.

Azaroaren 21ean, berriz, argazki erakusketa inauguratu zen Euskal Etxearen egoitzan. “Argazkiak biltzeko dei bat egin genuen, lortu ere, oso erantzun ona lortuz. Garai askotako materiala bildu genuen, adibidez, 1919. urteko abesti baten partitura –garai hartan hemen biltzen ziren euskaldunei buruz da kanta, eta egilearen ondorengoek eskuratu ziguten–; eta 1954. urtean euskaldunen bilera batean egindako argazki bat ere badaukagu. Materiala oso interesgarria da”, jakinarazi digu Etxeko lehendakari ohi Maria del Carmen Elzaurdiak.

Jaiak joan den asteburuan jarraitu zuen, Euskal Etxeak antolatutako dantza emanaldi eta afari batekin. Eguraldi kaxkarragatik ikuskizuna ez zen bere osotasunean egin, baina Euskal Etxeko kideak ez ziren batere kikildu eta Urteurren Afarian, dantzatu ez ezik, abestu eta topa ere egin zuten, Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeko lagunekin batera.

Joan den igande goizean, azkenik, esker emate meza segitu eta gero, plazako dantzak aurkeztu zituzten Bahia Blancako eta hiriko dantzariek, eguerdian despedida bazkaria partekatuz anfitrioi eta bisitariek.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia