euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedma eta Patagonesko Aberri Etxearen ‘Euskal Kermesa’ urriari hasiera emateko, haur-joko, herri-kirol eta zozketekin

2019/10/15

Soka-tira 'Euskal Kermes'ean
Soka-tira 'Euskal Kermes'ean

PUBLIZITATEA

Viedma, Argentina. Ipar Patagonian, Rio Negro ibaiaren ertzean dagoen Viedma eta Carmen de Patagones eskualdeko Euskal Etxeak txikiei begirako ekintza batez ekin zion urriko lehenengo asteburuari. ‘Euskal Kermesa’ ekitaldian, jolasek, herri kirolek eta zozketek osatu zuten bertako Lagun Onak Dantza Taldeak prestatutako programa. Saioa Euskal Etxearen egoitza aurrean egin zen eta haurren musika egiten duen bertako ‘Pescado en Tránsito’ musika taldeak jo zuen.

Iraila ere mugimendu handiko hilabetea izan da Aberri Etxeko lagunentzat. Hileko azken igandean, zatika saltzeko paella prestatu zuten EEko sukaldariek, beti ere “bertako lehengaiekin eginda, tartean "San Antonio Oesteko itsaski" fresko preziatuekin, Euskal Etxetik jakinarazi digutenez. Egun berean, Turismoaren Eguna ospatzeko Udalak antolatutako Sukaldaritza Gunean ere hartu zuen parte Euskal Etxeak. Bigarren ekitaldi honetan, euskal zaporeak ez ezik, oroigarriak eta euskal abizenei buruzko informazioa ere eskaini zuten Etxeko ordezkariek, azken hau elkarteko euskara ikasleen eskutik.

Bestalde, Euskal Zine Zikloarekin ere jarraitzen du Aberri Etxeak eta irailaren 26an ‘La Pequeña Suiza’ pelikula pantailaratu zuen. Filma aurkezteko ardura Zikloko koordinatzaile Mercedes Barcosek hartu zuen eta gaua animatzekoa, Abestu Beti Abesbatzak. Gogora dezagun Zikloa doakoa dela, baina ikusleek behar handiko produktuak eraman ohi dituztela, Euskal Etxeak, babesten dituen instituzioei dohaintzan eman diezazkien.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia