euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedma eta Patagoneseko Euskal Etxeak hamaika urte bete ditu eta ospatzeko hitzordua finkatu du biharko

2007/11/16

Iazko argazkian, festa amaiera den dantzaldia
Iazko argazkian, festa amaiera den dantzaldia

PUBLIZITATEA

Badira hamaika urte Viedma eta Patagoneseko euskaldunak biltzen dituen 'Beti Aurrera Aberri Etxea' Euskal Etxea sortu zenetik. Urte berri bat betetzen duten bakoitzean festa jendetsua prestatzen dute bertakoek eta aurten ere jaialdi ederra antolatu dute biharko, afaria hain zuzen, Necocheatik etorriko den 'Otxote Osasuna'ren partaidetzaz, dantzaldi herrikoiaz amaitzeko, jendeak gau gogoangarria pasa dezan. Hitzordua, gaueko bederatzi t'erdietatik aurrera izango da, Viedmako Mutual Obreros de la Cosntrucción delako aretoan, eta bertara herritar guztiak daude gonbidatuta, euskal jatorrikoak izan ala ez.
'Beti Aurrera Aberri Etxea' izeneko Euskal Etxeak Viedma eta Carmen de Patagoneseko herrietako euskaldunak biltzen ditu, elkarte bakarrean. Bi herriak Río Negro errekak banatzen ditu baina Beti Aurrera Aberri etxea partekatzen dute, Viedma Río Negroko probintzian, Patagonian beraz, eta Carmen de Patagones, Buenos Aireseko Probintzian daudelarik. Urtero azaroa heltzen delarik, elkartearen urteurrena festa bilgarria bilakatzen da, bertako euskaldunak eta euskaldunen lagunak biltzeko eta aurtengoa ez da batere atzean gelditu. Guztia dago prest, bihar hamaikagarren urteurrenaren ospakizunari behar bezala eusteko.

Bihar, larunbat gauez gauzatuko da hitzordua eta afari eta kantaldi baten ardatzean garatuko da, ondoren herri dantzaldi bati ekiteko, orkestrak lagundurik. Aurreko urtean, elkartean hamar urte bete zituela, ehun eta laurogei pertsona hurreratu ziren festara partaide eta urtero ohi den giro alai eta abegikorraz gozatu ahal izan zuten. Bildutakoek, gainera, Tren Patagonikoan San Carlos de Barilocherainoko bidaia irabazteko aukera izan zuten, gaueko bixigarri antolatu ziren zozketa eta animazioen artean.

Necocheako Anaitasuna Otxotearen emanaldia

Aurten ere iazko arrastoari jarraitu nahi zaio eta jende eta giro aldetik arrakasta bera errepikatu edo gainditu, ahal bada. Ekitaldian parte hartu nahi dutenei, oraindik egin ez badute, telefonoz deitu eta txartelak aldez aurretik erreserba ditzaten eskatzen zaie. Erreserbok honako telefono zenbakietan egin daitezke: 15479037 - 423603 - 421787 - 430104 - 15487556 - 430458 – 15471594. Afaria gaueko bederatzi t'erdietan hasiko da Salón Mutual Obreros de la Construcción delako aretoan, Viedman, Colón kaleko 1374an, eta afariaren ondotik Osasuna Otxoteak kantaldi berezia eskainiko du. Sarrerak 55 pesotan salduko dira, 50 peso bazkide direnentzat.

Osasuna Otxoteari dagokionez, 1990ean sortu zen Necochean, bertako Euskal Etxearen inguruan, eta ordutik kontzertu ugari eskaini dituzte Argentinako Euskal Etxeetan eta gainerako agertokietan. Alfonso Picón, Horacio Mendoza, Fabián Millete, Raúl Cutullé, Hugo Urenda, Osvaldo Olmos, Baby González, Carlos Alvarez eta Miguel Pérez Bugallo-k osatzen dute taldea.


Lotura interesgarriak

Beti Aurrera Aberri Etxea-ren hamargarren urteurrena
Euskalkultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 4an

Viedmako Euskal Etxeko azkeneko kargu berritzea
Euskalkultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 22an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia