euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedma eta Patagoneseko euskal etxeak ‘euskal estanpa’ aurkeztu du 2014ko kolektibitateen ikuskizun artistikoan

2014/09/22

Josetxu Astolfi dantzariak 'Agurra' dantzatu zion ikurrinari 2014ko Gizataldeen Jaian
Josetxu Astolfi dantzariak 'Agurra' dantzatu zion ikurrinari 2014ko Gizataldeen Jaian

PUBLIZITATEA

Viedmako eta Carmen de Patagoneseko euskal gizataldeak biltzen dituen 'Beti Aurrera Aberri Etxea' berriro ere izan da Euskal Herriaren ordezkari eta erakuslehio Patagoniaren eta Buenos Aires probintziaren bilgune den eskualdean eta ondo baino hobeto bete zuen lan hori Rio Negro probintziako hiriburuan egindako Kolektibitateen Festan. Hiru egunetan zehar luzatu zen jaialdian, elizkizunetan, Sukaldaritza Gunean eta Ikuskizun artistikoan partaide izan ziren euskal etxeko kideak, ikurrina eskuan. Ikuskizunean, dantzak eta abestiak eskaintzeaz gain, ‘euskal estanpa’ oparitu zioten publikoari. 

Viedma, Argentina. Partaidetza nabaria izan du aurten ere 'Beti Aurrera Aberri Etxea' euskal etxeak irailaren 4tik 7ra bitartean egin zen Viedmako Kolektibitateen Jaian. Festaren programa hilaren 4an hasi zen, Immigrantearen Egunaren baitan, Katedralean eta hildako etorkinen omenez egindako meza batekin.

Hurrengo ekintzak protokolozko zeremonia eta ikuskizun artistikoa izan ziren, biak irailaren 6an, Viedmako Kulturguneko areto nagusian. Zeremonian, herrialde guztietako banderak desfilatu zuten tauletatik, ikurrinaren kasuan, Analia Zuntini eta Imanol Basterra banderadunek eramanda. Horren ostean, musika eta dantza emanaldiak etorri ziren eta hauetan ere euskaldunak protagonista. Euskal etxeko dantzariek Txapeloaz eskaini zioten bildutako jendeari; eta abesbatzak, berriz, Fabian Alberdiren zuzendaritzapean, Aita Semeak eta Ez zaitez joan oraindik kantatu zituen.

“Baina dudarik gabe, une hunkigarrienetako bat ‘euskal estanpa’rena izan zen”, adierazi dio Maria del Carmen Elzaurdia euskal etxeko lehendakariak EuskalKultura.com-i. “Gure abesbatzaren zuzendari Fabian Alberdik Agurra abestu zuen Josetxu Astolfi dantzariak dantzatu bitartean. Biek Laura Arizcuren-ek eta Raul Goicochea-k tinko eusten zioten ikurrinari begira”.

2014ko Gizataldeen Jaiari amaiera emateko, Sukaldaritza Gunea egin zen igandean, irailaren 7an, Dante Alighieri elkarteko aretoan. Egunean zehar, hamabost bat herri ezberdinetako plater tipikoak dastatu ahal izan zituen publikoak. Euskal txokoan, pintxoak, tripakiak eta kauserak, portoko ardo kopa batek lagunduta, zerbitzatu zen. “Jende ugari hurbildu zen, goizeko 11etatik arratsaldeko 5etara eta guk prestatutako guztia saldu genuen” jakinarazi digu Elzaurdiak. Etorkizunari dagokionez, euskal etxearen hurrengo ekintza publikoa afari herrikoia izango da, Viedmako Kasinoko Jatetxean, abenduaren hasieran. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia