euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedma eta Patagoneseko EEak egoitzan egindako berritze lanak erakutsiko dizkie gaur bere bazkideei

2014/07/01

Viedma eta Patagoneseko Beti Aurrera Aberri Etxean egindako lanak (argazkiak EE)
Viedma eta Patagoneseko Beti Aurrera Aberri Etxean egindako lanak (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Beti Aurrera Aberri Etxea-k bere ateak irekiko dizkio gaur komunitateari, etxeko kide eta lagunek azkenaldian egoitzan egindako lanak ikusi ahal ditzaten. Etxearen berritze prozesua nola izaten ari den argi erakusteko, gainera, garapena urratsez urrats islatzen duten irudiak proiektatuko dituzte. Hitzordua gaur da, arratsaldeko 5etan, Viedmako Alberdi kaleko 169. zenbakian. Berri honekin batera San Fermin eta San Ignazio ospatuko dituztela jakinarazi digute Viedma eta Patagoneseko euskal etxetik.

Carmen de Patagones, Argentina. Viedmako eta Carmen de Patagoneseko euskal gizataldeak biltzen dituen Beti Aurrera Aberri Etxea-k bere kide eta lagunak gonbidatzen ditu gaur egoitzara hurbildu eta azken hilabete hauetan burututako hobekuntza-lanak aurrez aurre ikustera. Ekintzak jendearen engaiamendua handitzeko helburua du, guztion ekarpenez egoitza urtea bukatu aurretik inauguratu ahal izateko.

Euskal etxeko lehendakaria den Maria del Carmen Elzaurdiak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “bisitan, lanen aurrerapenak erakutsiko ditugu, besteak beste zoru, horma eta komunetan. Baina horretaz gain, gure kideak konprometitu eta parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, denen laguntza behar baitugu geratzen dena burutzeko. Lan handia egin behar dugu oraindik sukaldea bukatu eta fatxadari baserri itxura emateko”, azaldu digu Elzaurdiak.

Martxoaren amaieran hautatutako lehendakari berriak azaldu digu, halaber, bideo bat proiektatuko dutela bileran bertan, berritze lanen prozesua nolakoa izan zen erakusteko. “Eta ideiak eta iradokizunak trukatzeaz gain, biltzen garenok mate eta opilak partekatuko ditugu, jakina”, adierazi du.

Hurrengo ekintzei dagokienez, Beti Aurrera Aberri Etxeak San Fermin eta San Ignazio ospatuko ditu uztailean. San Fermin egunean, meza bat egingo du eta meza barruan ohorezko guardia egin eta Alberdi irakasleak zuzentzen duen abesbatza aurkeztuko ditu euskal etxeak. Iñaki Deunaren egunean, berriz, elizkizunez aparte, plazako dantzak eta bazkaria ere egingo dituzte.

Viedma-Patagoneseko dantzariak Zatti Eskolako ekitaldian 2014 01

[Euskal Etxeko dantzariak. Zatti Eskolako ekitaldia maiatzaren 10ean izan zen eta antolatzaileek gonbidaturik euskal dantzariek hartu zuten parte (argazkiaEE)]

Eta dantzariekin lotuta, behar da aipatu Euskal Etxearen ordezkari direla bi hirietako hainbat ekitaldietan. Maiatzean, esate baterako, Viedma-ko Zatti Eskolako ekitaldi batean hartu zuten parte gazteek, hiriko beste erakunde askorekin batera.

Bertan Euskal Etxea aurkeztu eta zein aktibitate garatzen dituzten azaldu ondoren, Soka Dantza, Fandango eta Arin Arin dantzatu zituzten Beti Aurrera Aberri Etxea euskal etxeko dantzariek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia