Viedma, Argentina. Proiektuak lankide izan ditu Viedma eta Carmen de Patagoneseko Aberri Etxea Euskal Etxea, Viedmako Udala eta bertako Komunitate Judua, eta Pablo Picassoren “Guernica”ren interpretazio eta bertsio mural berri bat eskaintzen dio ikusgai eta hausnargai joan den asteartetik, hiriko Ferreira Parkeko "Gizateriaren eta Memoriaren Gunea" delakora hurreratzen diren herritar eta bisitari guztiei.
Lana, berez, Juan Carlos Marchesi margolariaren bertsio bat da. Picassoren obra berrinterpretatu du Argentina, Latinoamerika eta munduko historia hurbileko gertaeretatik abiatuta, bere jatorrizko karga emozionalari eusten eta belaunaldi berriak interpelatzen saiatuz termino historiko eta kultural hurbiletan. Murala agertoki baten atzeko horma da, zortzi metro bider laukoa, hezkuntza-jardueretarako erabiliko da eta aire zabaleko gela gisa, funtzionatuko du.
Ikurriña, Israelgo bandera eta bandera argentinarra presente egon ziren ekitaldian
Aberri Etxeko dantzarien euskal Soka Dantzak juduen dantzekin eta publikoarekin bat eginik
Eskualdeko euskal komunitatearen izenean Aberri Etxeko lehendakari Raúl Goicoechea aritu zen
Viedmako Udalak azpimarratu duenez, "gure artean finkatuta dauden euskal eta judutar komunitateak izango dira obraren jagole. Bi komunitateek topatzen dute isla mural honetan, omenaldi moduko bat baita Picassok bere arte lanean betiko islatu zituen izugarrikerien ondorioak jazo zituzten haiei egina, orain gure hiriko eremu honetan errespetuz birsortu nahi izan duguna".
Historia eta Oroimena
Inaugurazio-ekitaldia abuztuaren 8an, joan den asteartean, gauzatu zen. Buru izan zen Viedmako intendente Pedro Pesatti, harekin batera beste agintari batzuk bildurik, hala nola Rio Negro probintziako gobernadoreorde Alejandro Palmieri, Comahueko Unibertsitateko Zonalde Atlantikoko Unibertsitate Zentroko dekano Adriana Goicoechea, Aberri Etxea Euskal Etxeko lehendakari Raúl Goicoechea Saralegui eta Komunitate Juduaren ordezkari Saul Cohen. Río Coloradoko “Ruben Kepa Etulain” Euskal Etxeko ordezkaritza bat ere bertaratu zen, lehendakari Elsa Mengelle eta Zuzendaritza Batzordeko kideek osatua.
Aberri Etxeko Lagun Onak dantza taldea ere aritu zen, eta bere omenaldiak Soka Dantza tankera hartu zuen. Euskal Etxeko Lehendakari Raúl Goicocheak, gune berri honek gerraren eta suntsiketaren ondorioei buruzko hausnarketa espazio bezala duen garrantziaz hitz egin zuen. Bertako komunitate juduaren erreferente Saul Cohenek muralaren balio historiko eta hezitzailea azpimarratu zuen, ezagutzaren bidez memoria bizirik mantentzeko modu gisa.
[argazkiak Viedmako Udala]