Viedma, Argentina . Aberri Etxea Euskal Etxeko bazkideak gogoz eta ikusioz daude Euskal Herritik etorriko diren hiru ikasle gazteen zain. bi Gipuzkoako dira, Usue Odriozola Nava, donostiarra, eta Mikel Zubizarreta Aizpurua, legazpiarra, eta hirugarrena Iparraldetik, Lapurditik dator, Aia Irastorza Adin, hendaiarra. Heldu bezain pronto bertako eguneroko bizitzan sartuko direla espero dute, profesionalean zein euskal etxe eta komunitateari dagokionez. Hiruek Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten dituzte Mondragon Unibertsitatean, eta Viedman praktikekin osatuko dute euren prestakuntza akademikoa.
Maiatz arte luzatuko den egonaldian, ikasleek praktika profesionalak egingo dituzte bertako Gaia Eskola Ekologikoan. Horrez gain, Argentinako Patagoniako iparraldeko euskal diasporako lagunekin harremanduko dira eta, Aberri Etxeko zuzendaritzako kideen eskutik, protokolo bisita batzuk egingo dituzte. Izan ere, bi hirietako, Viedmako eta Carmen de Patagones-eko, agintariek harrera egingo diete, eta, era berean, Viedmako Irakaskuntza Prestakuntzako Institutura (Gorputz Hezkuntzako espezialitatea) eta Comahueko Unibertsitate Nazionaleko Zona Atlantikoko Unibertsitate Zentroko (CURZA) Psikopedagogia karreraren egoitzara ere joango dira.
Ongi etorri, gazteak!
Gazteak otsailaren erdialdean iristekoak badira ere, Aberri Etxean formalki martxoan egingo diete harrera, propio programatutako jardunaldi baten barnean. Usuek, Mikelek eta Aiak, bakoitzak bere jatorrizko tokiko zertzelada batzuk partekatzeaz gain, “Amaiur 1522, balentriaren zentzua” hitzaldia eskainiko dute. Euskal Etxeko Kultura eta Historia Saileko erreferente Ruben Suarezek Euskalkultura.eus-i azaldu dionez “Oso garrantzitsua da Euskal Etxearentzat Euskal Herritik zuzenean etorritako hiru euskal ikasle gurean izatea. Ekitaldi guztietan parte hartzea nahiko genuke, dantzariak baitira eta euskal kulturari lotutako elkarteetako kide, baina, batez ere, Euskara Sailean eta Euskal Etxeko gazteekin modu aktiboan parte hartzea eskertuko diegu”. Ongi etorri, gazteak!