euskal diaspora eta kultura
2013/02/04
PUBLIZITATEA
Viedma, Argentina. Argazki politak eta adierazgarriak plazaratu dituzte joan den aste amaieran 'Beti Aurrera Aberri Etxea'-ko arduradunek sare sozialetan, argazkiekin batera berri ona partekatuz euskal komunitate osoarekin: 2013ko ikasturtea, martxoan, euren egoitza propioan hasiko dute. Urtero bezala, gainera, eskualdeko lagun guztiei luzatu nahi diete dantza eta euskara klaseetan eta euren gainerako kultur ekintzetan parte hartzeko gonbitea.
Egoitza berria Viedma hiriko Alberdi kaleko 169. zenbakian dago eta irudietan ikus daitekeen bezala, euskal etxearen itxura hartzen doa erakundeko kideen eskutik. Izan ere, euskal etxearen izena markatzen duen seinalea ipini berria dute. Etxe barruan, egokitze lanak egiten ari dira tokia ahalik eta erosoena izan dadin: areto nagusi, sukalde, komuna, idazkaritza/liburutegi eta patioa izango ditu obrak bukatzean.
“Euskal etxeak 17 urte ditu baina ez zeukan egoitza propiorik. Atzo jarri genuen euskal etxea dela adierazten duen kartela. Hori dela eta, eskertu nahi diegu lagundu diguten guztiei, bereziki Analia Zuntini, Rocio Basterra, Maricarmen Elzaurdia, Imanol Basterra, Miguel Basterra eta Bahia Blancako Union Vasca-ko Josetxu Astolfi lagunei. Aipamen berezi bat ere egin nahi diegu Jocano eta Bruno auzokideei”, azpimarratzen dute 'Beti Aurrera Aberri Etxea'-tik.
'Beti Aurrera Aberri Etxea' elkarteak Argentinako bi herritako euskaldunak biltzen ditu: Rio Negro probintziako Viedma herrikoak eta Buenos Aires probintziako Carmen de Patagonesekoak. Egoitzari dagokionez, akordio bati esker lortu zuen instituzioak. 2010ko ekainaren 2an sinatutako hitzarmenaren ondorioz, Rio Negro probintziak etxe hau eman zion 'Beti Aurrera Aberri Etxea'-ri bertan bere egoitza muntatzeko eta horren truke euskal etxeak berea zen lursail bat eman zion Probintziako Parlamentuari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus