euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedma eta Carmen de Patagonesko EEak euskal standa muntatu du lehen aldiz eskualdeko ‘Burujabetza Jaian’

2018/03/19

Aberri Etxea-k euskal standa muntatu du, lehen aldiz, Patagoniako Burujabetza Jaian
Aberri Etxea-k euskal standa muntatu du, lehen aldiz, Patagoniako Burujabetza Jaian

PUBLIZITATEA

Urteak daramatza Viedma eta Carmen de Patagonesko euskal gizataldeak jaialdi herrikoi honetan parte hartzen, zehatzago esateko bere baitango kabalkada zibiko militarrean. Baina aurten gora jo nahi izan du bere apustuan eta bertako euskal etxeak stand bat muntatu du Festaren gunean, euskaldunei eta  Euskal Herriko kulturari agerikotasun handiagoa emate aldera. Eta baita lortu ere, Aberri Etxeak bere proposamenak ongi sustatu eta zabaldu baititu 2018 ikasturteko ekimenak abiatzeko prest dituen une honetan.

Carmen de Patagones, Argentina. Martxoaren 7tik 11ra egin da aurten Fiesta de la Soberanía Patagónica edo “Patagoniako Burujabetza Jaia" eta azken urteetako ohiturari jarraituz izen handiko artistak bildu ditu, tartean Miranda taldea eta Abel Pintos, batzuk aipatzearren. Ekitaldiak eskualdeko kultur adierazpenei plazaratzeko eta jendaurretzeko aukera berezi bat eskaintzeko xedea dauka eta asmo horri jarraiki urtero inguruko hainbat erakunde eta elkartek jaialdiko erakusketa osatzen dute, mota askotako standak ezartzen, tartean, kolektibitateak.

Euskaldunei dagokienez, Euskal Txokoa Viedma eta Carmen de Patagones herrietako euskal kolektibitatearen bilgarri den Aberri Etxea Euskal Etxearen esku egon zen. Oroigarriak saltzearekin batera, bertan Euskal Herriari eta euskal abizenei buruzko informazioa eskaini zitzaien standera hurbildu zirenei. Bat-bateko dantzak ere sortzen ziren Euskal Txokoaren inguruan --elkarteko dantzari eta bazkideek inprobisatuak-- eta, aukera ederra izan zen Euskal Etxeak urtean zehar antolatzen dituen ekintzen berri emateko, tartean helduentzako eta umeentzako euskara klase eta tailerrak, dantza eskolak, zine zikloa, sukaldaritza ekimenak eta abesbatza. Etxeko euskara irakasle den Rocio Basterrak adierazi digunez, “jende askok bisitatu zuen standa, batetik, berez, jaia oso jendetsua delako –inaugurazio egunean bakarrik 8.000 lagun bildu zituen kontzertu nagusiak–, eta bestetik, batez ere hemen, Patagonian, euskaldunok ospe ona dugulako”.

Euskal standaz arduratzeaz gain, 2018ko Cerro de la Caballada izeneko mendixkako ekitaldian ere izan ziren Aberri Etxea-ko lagunak.

Gogora dezagun ‘Burujabetza Jaia’k Patagoniaren historian gertaera mugarria izan zen Brasilen kontrako bataila gogora ekartzeko helburua duela. Rocio Basterrak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Viedma-Patagones hirien eskualdekoa Patagoniako lehenengo kokalekua izan zen, eta horren ondorioz, gobernuaren egoitza. 1827ko martxoaren 7an brasildarren eraso bat jaso zuten patagoniarrek –Brasilen Patagonia bereganatzeko ahaleginean– eta eskualdeko jendeak biziki defenditu zuen bere lurra. Rio Negro ibaiaren ezaugarriek eta eguraldiak asko lagundu zieten bertakoei gailendu ahal izateko; izan ere, Brasilgo soldaduek ezin izan zituzten jasan ez tenperaturak ezta ibaiaren ur lasterrak ere”, adierazi du.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia