euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Victoriako 'Haritz' Euskal Etxearen standak 4. saria jaso zuen bertako 2009ko Nekazaritza Erakusketan

2009/11/06

Fabian Zorzabal euskal etxeko lehendakariaren alaba, Constanza, euskal stand-ean (argazkia EE)
Fabian Zorzabal euskal etxeko lehendakariaren alaba, Constanza, euskal stand-ean (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Duela bi urte eskas Victoria herriko euskaldunek 'Haritz' Euskal Etxearen oinarriak ezarri zituzten Parana ibai ondoko hiri honetan. 2007ko irailean, eta lehen ekitaldi bezala, jaio berria zen euskal etxeko kideek plaka bat ipini eta haritz bat landatu zuten herriko Immigranteen Enparantzan. Bi urte pasatu dira eta epe honetan Victoriako euskaldunek hamaika ekintza antolatu eta hamaika ekintzetan hartu dute parte. Eguneroko lan horren ahalegina fruituak ematen hasi dela bistan dago: euskal komunitateak altxatutako standak 4. saria jaso zuen urrian 2tik 4ra arte ospatu zen Nekazaritza Erakusketan.

Victoria, Argentina. Nekazaritza Erakusketa urtero egiten da Victorian nekazaritza arloko elkarte, langile eta nekazariek berek euren produktuak erakutsi ahal izateko. Irabazi-asmorik gabeko elkarteek ere bere lekua izan dute erakustaldian, eta aurten bigarren aldiz Haritz Euskal Etxeak Euskal Herriari buruzko stand bat altxatzeko gonbidapena jaso du. 'Nekazaritza Elkartearen presidente den Oscar Larracoechea ingeniariak luzatu zigun gonbitea eta iaz bezala, aurten ere parte hartzea erabaki genuen' azaldu dio Fabian Zorzabal euskal etxeko naguasiak EuskalKultura.com-i. '150 bat erakusketari bildu ziren asteburuan zehar baina gu izan ginen kolektibitate bakarra. Gainera, normalean hamar mila pertsonek bisitatzen dute erakusketa beraz, euskal kulturari informazioa eskaintzeko eta kide berriak egiteko ezin hobea zen okasioa'.

Liburuak, mapak, dokumentuak eta abizenei buruzko informazioa eskuratu ahal izan zuten euskal stand-era hurbildu ziren bisitariek. Horretaz gain, ikurriñak, txapelak eta beste oroigarri batzuk ere bazeuden salgai. 'Jendea jakin-min handiz hurreratu zitzaigun, batez ere abizenen jatorria jakiteko asmoarekin. Eta guretzat oso pozgarria da zeren eta stand-a antolatzeko lan dezente egin behar izan baikenuen'. Baina jendearen interesa ez zen Haritz euskal etxeak jaso zuen sari bakarra. 'Nekazaritza Erakusketak ere saritu digu. Erakundeko 4. saria, domina bat, jaso dugu egindako lanagatik', kontatu du Zorzabalek erabat hunkituta.

Lotura interesgarriak

Victoriako Nekazaritza Elkartea
www.sociedadruralvictoria.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia