euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Victoria hiriko euskal komunitateak Haritz Euskal Etxea sortu du, erroak hobeto ezagutu eta hedatzeko

2007/11/09

Fabián Zorzabal, Zulema Urcola, Fernando Olazagoitia eta Elvio Arce haritza --euskal sinbolo gisa-- landatzen Immigranteen Enparantzan
Fabián Zorzabal, Zulema Urcola, Fernando Olazagoitia eta Elvio Arce haritza --euskal sinbolo gisa-- landatzen Immigranteen Enparantzan

PUBLIZITATEA

Parana ibaia inguratzen duen hiri honetako lehen biztanleak euskaldunak izan baziren ere, duela bi hilabete eskas arte ez ziren hasi egungo euskaldunak Victorian euskal etxe bat sortzeko ideiari bueltaka. Lehen ekitaldi bezala euskal etxe berriko kideek Immigranteen Enparantzan plaka bat ipini eta haritz bat landatu zuten, eta Mikel Ezkerrok hitzaldi bat eman zuen. Elkarteko lehendakari Fabian Zorzabalek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, euren funtsezko helburua 'Euskal Herriari buruz informazioa lortu eta zabaltzean datza, ibilbide luzea egiteke dugun arren'.
Entre Rios probintzia argentinarreko Victoria hiriak XVIII mendean euskal etorkin kopuru handia hartu zuen. "La Matanza" izenpeko oratorio bat zen orduan, bertako indigenekin izandako liskarrak zirela eta. 1810eko maiatzean Salvador Joaquin de Ezpeleta euskaldunak sortu zuen hiria. Lehenengo biztanleak euskaldunak izan ziren gehienbat eta karobietan aritu ziren. Beraiek eskuratutako karearekin Argentinako hiri asko sortuko zituzten. Arantzazuko Ama Birjina da hiriaren patroia.

Hiriaren jatorria euskalduna izan bazen ere, 2005ean baino ez ziren hasi bertako euskaldunen ondorengoak euskal etxea sortzeko ideia hausnartzen. Baina elkarte sortuberriko presidente Fabian Zorzabalek buletin honi azaldu dionez, 'tamalez, ideia ez zen aurrera eraman ez zelako adostasunik lortu. Hala ere beste euskal etxeekin hasutako kontaktua mantendu genuen, konparazio Rosarioko Zazpirak Batekin, gertutasunagatik eta euren adeikortasunagatik; eta baita Paranáko Urrundikekin ere, Juan Carlos Borras bitartekari izanik'.

Bigarrengoan bai!

Euskal Etxea sortzeko lehenengo saiakera aurrera eramatea posible izan ez zen arren, euskal argentinar kolektibitateko partaideekin izandako hurbiltasunak bigarren ahalegin bat egiteko indarra eman zien. Zorzabalek adierazi duenez, 'gure arbasoen kultura zabaltzeko gogoa zuen talde bat elkartu ginen behintzat, kontutan izanik gure hiriaren euskal arbasodun kopurua izugarri handia dela eta Euskal Herriko kultura, historia edo geografiari buruzko ideia, ostera, oso eskasa'.

[Goiko irudian haritzaren landaketa ekitaldia: Victor Sanzberro, Victoriako Munizipalidadeko gobernu idazkaria, eta Euskal Etxeko Fabián Zorzabal, Zulema Urcola eta Fernando Olazagoitia]

Duela hiru hilabete sortu zuten azkenik euskal etxea eta Haritz izena eman zioten, zuhaitz honek euskal kulturan duen esanahia aintzat harturik. Zorzabal da presidentea eta Zuzendaritza Batzordea osatzen dutenak hauexek: Fernando Olazagoitia, Elvio Arce, Leonor Oviedo, Delfina Alfaro, Noemi Manassaldi, Maria Laura Lizarsoain diruzain moduan, eta Zulema Urcola idazkari bezala. Zorzabalek onartzen du oraindik bide luzea dutela egiteko, partaideak lortu eta FEVAra sartu ahal izateko adibidez, baina gogotsu ari dira lanean.

Lehen ekimenak abian

Lanean denbora gutxi daramaten arren, lehen ekitaldiak egin dituzte jada, Udaleko Kultura Sailarekin koordinaturik. Joan den azaroaren 2an egin zuten aurkezpen ekitaldia, Immigrantearen Enparantzan haritza landatuz. Hiriko musika bandak Argentinar Ereserki Nazionala, Entre Rioseko ereserkia eta Eusko Ereserkia jo zituen. Jarraian Gobernuko idazkariak, Victor Horacio Sanzberrok, eta Fabian Zorzabalek, Euskal Etxearen izenean, plaka oroigarria desestali eta haritza landatu zuten.

[Goiko irudian plaka oroigarriari estalkia kentzen: Fabián Zorzabal eta Noemí Manassaldi]

Mikel Ezkerroren mintzaldia

Gau partean, Victoria kultura elkartean Mikel Ezkerrok hitzaldia eskaini zuen, euskaldunen jatorriari buruz. Euskal Etxe berriko lehendakariak dionez, 'hitzaldia primerakoa izan zen eta entzuleak oso kontent geratu ziren'.

[Goiko irudian Fabian Zorzabal eta Mikel Ezkerro, azken honek eskaini zuen mintzaldian]

Asteazkenero biltzen dira

Haritz-eko partaideak asteazkenero elkartzen dira, gaueko hamarretan, Victoriako erdialdeko taberna batean. Bilera hauetan, egin beharreko jarduerak antolatu eta Euskal Herriko historia, pertsonaiak, mitologia, geografia eta gaur egungo gaiei buruzko programa bat jarraitzen dute. Oraingoz ez dute dantzak edo euskera erakusteko aukerarik izan, eta inguruko euskal etxeetan burutuko dituzte ekintza horiek.

Zorzabalen esanetan, 'euskal jatorria duen pertsona kopuru ikaragarria dagoen arren, ez dute kulturari buruz ideiarik ere. Gure oinarrizko helburua, besteen artean, beraz, Euskal Herriarekin zerikusia duen guztiaz informatu eta zabaltzea da, jendearen jakinmina pizten joateko".


Lotura interesgarriak

Victoria hiriari buruzko informazio gehiago
Wikipedian

'Haritz Euskal Etxeak euskaldunen misterioarekin egin du debuta'
'Victoria al día' egunkariaren artikulua

'Victoria renueva sus votos a la Vírgen de Arantzazu'
2004ko martxoaren 8an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia