euskal diaspora eta kultura
2011/10/13
PUBLIZITATEA
Victoria, Argentina. Entre Rios probintzia argentinarrean, Victoria herriko zaindaria da Arantzazuko Ama, bertako fededun guztiena, euskaldun ala ez. Herriko patroiaren egunean urtero egiten den prozesio hau joan den irailaren 8an egin zen, Arantzazuko Amaren egunaren bezperan. Talde batek lagundurik, Arantzazuko Ama Birjinaren irudia kalez kale ibili zen eliztarrez inguratuta eta bidea bukatuta elizako bere lekura bueltatu zen, jarraitzaileen abesti eta maitasun-erakutsien artean. Victoriako gizatalde euskaldunak ere bere partaidetza nabaria izan nahi izan zuen ospakizunean; izan ere bertoko Haritz euskal etxeko kideek, txapelaz eta zapi gorriak lepoan, ikurrinak altxatu zituzten elizako atarian.
Prozesioan politika eta eliz arloko zenbait agintarik hartu zuten parte, tartean euskal jatorria duen probintziako gobernadoreak, Sergio Urribarrik. “Victoriara etortzen den bakoitzean bere arbaso oñatiarrez eta euren herriaz oroitzen da Urribarri”, azaldu dio Victoriako Haritz Euskal Etxeko lehendakaria den Fabian Zorzabal-ek EuskalKultura.com-i.
Chivilcoy eta Arrecifes-en
Buenos Aires probintziatik ere heldu zaigu Arantzazuko Ama Birjinaren omenean egindako beste ekintza batzuen berri. Chivilcoy-n, Beti Aurrera Euskal Etxean bertan eman zuen meza Luis Jauregui apaizak erakundean, Arantzazuko Andra Mariaren txokora bildu ziren fededunei. Elizkizunak Gipuzkoako Santutegitik eta Antonina eta Miguel kideek ekarritako irudiaren aurrean gauzatu ziren.
[Chivilcoy-ko Beti Aurreran, meza eman zen irailaren 9an (argazkia EE)]
[Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko ordezkaritzak hartu zuen parte Arantzazuko amaren mezan (argazkia EE)]
Egun berean, hau da, irailaren 9an baina Arrecifes hirian, beste meza bat ospatu zen Arantzazuko ama oroitzeko. Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko ordezkariek bere lekua hartu zuten aldarean ikurrina eta Argentinako banderak jasotzeko. Zeremonia bukatu aurretik, Ugarritzak taldeko dantzari batzuek omenezko dantzak egin zituzten.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus