euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Victoria, Argentina: Frantzisko Aita Santuak 'Basilika' izendatu du bertako Arantzazuko Ama Birjinaren Parrokia

2020/06/05

Victoriako Arantzazu Basilika Txiki berria
Victoriako Arantzazu Basilika Txiki berria

PUBLIZITATEA

Victoria, Argentina. Hogeita hamar bat bila biztanle dituen herria da Victoria, Entre Rios probintzia argentinarrean. Beste askotan bezala, iragan euskaldun nabaria dauka eta bertako euskal gizataldetik abisua pasatu digute Frantzisko Aita Santuak 'Basilika txiki' izendatu berria duela bertako Arantzazuko Amaren Parrokia. Izendapena bertatik egindako eskaera baten ondorio da eta Hector Trachitte apezaren esanetan “Kulturari, historiari eta pastoraltzari dagozkien izapideak bete ondoren onartu du Vatikanoak eskaera".

Gogora dezagun Victoria hiriak berak, bere parrokiak eta, zalantzarik gabe, Arantzazuko Ama Birjinaren tokiko adbokazioak, 1809an Salbador Juaquín de Ezpeleta euskaldunak (Oiartzun, 1776 - Paraná, Entre Ríos 1846) ordura arte La Matanza izeneko lekuan oratorio bat sortzeko eskaerarekin lotzen dutela bere jatorria. Urte batzuk lehenago, Entre Rios probintzian bertan, 1802an sortua zen Punta Gordan, euskal Ama Birjin honen babespeko kapera bat [argazki erreportaia Joseba Etxarri]


Victoriako Arantzazuko Amaren parrokia, ezkerrean Vatikanoko, Argentinako eta EHko banderak

Bertako irudiaren lagun, EHtik ekarritako Arantzazuko Amaren erreplika, aldarearen ezker aldean

Victoria sortu zuen oiartzuarra

Victoria erdiguneko San Martin plazan, Basilika izendatu berriaren ondoan, Udaletxea dago, hain zuzen ere plaza alderik alde zeharkatzen duen Ezpeleta kalean. Bertan, elizaren aurrean, monumentu bat altxatzen da kutxa bat duena, barnean Oiartzungo lurra, eta metalezko profil batekin, Ezpeletaren irudia nabarmenduta, honako testua daraman plakarekin: "Victoriako Herria bere fundatzaile Don Salvador Joaquín de Ezpeletari". Alboan, 2010ean hiriaren berrehungarren urteurrena ospatu zenean hiriko Haritz Euskal Etxeak ezarritako beste plaka bat dago, efemeridearekin bat eginez.

Euskal kolektibitateko erreferente den --eta 2010ean Euskal Etxeko lehendakari zen-- Fabian Zorzabalek gogorarazten digunez, "Eusko Jaurlaritzari eta zehazki garai hartan Hezkuntza sailburua zen Anjeles Iztuetari esker gure Parrokiak Arantzatzuko Ama Birjinaren erreplika bat jaso zuen opari gisa 2004an, eta Raul Benedetti gure parrokoak ekarri zuen”. Irudia elizaren baitan gordetzen da, eta elizak ikurrina ere gordetzen du euskaldunen opari.


Elizaren aurreko parkean, Salbador Juaquin Ezpeletaren monumentua, herriko fundatzaile legez

Monumentu bereko parte, kutxa Oiartzungo lurrarekin, Ezpeleta kalean, San Martin plazan

Victoriako 'Haritz' EEko kideak, herriaren sorreraren bigarren mendeurreneko ekitaldietan

Euskal monjeak Victorian

Baina hori ez da Victoriak Euskal Herriarekin duen lotura historiko garrantzitsu bakarra. Eremu natural zabal baten erdian, Victoria inguratzen duten muinoetako baten gainean, Jainko Haurraren Abadia Beneditarra (Abadía Benedictina del Niño Dios) dago, 1899an Belokeko abadia lapurtarreko euskal fraideek sortua. Sortu zutenetik Victoriako erreferentziagune espiritual, turistiko eta ekonomikoa izan da.

Euskal Herri osoko dozenaka fraide eta apaiz igaro ziren Argentinako abadetxe nagusi eta aktiboenetakoa izan den honetatik. Tartean, honako deituradunak: Errecart, Beguiristain, Haran, Bernachea, Oxarart, Urricarriet, Aizpuru, Sarazola, Balerdi, Lasa, Zaldua, Odiart, Ospital, Belza, Carrique, Daguerre, Bernachea, Yrigoyen, Ardans, Ormaechea, Fourcade, Galzagorri edo Zugarramurdi topa daitezke abadiako hilerriko inskripzioetan, bertan ehortzirik.


Jainko Haurraren Abadia ikusgarria, Euskal Herriko Belokeko komentuko fraideek sortua

Abadiako hilerriko gurutze eta hilbobiak, hamaika fraide eta apez euskaldunen izenez

Euskal ekitaldia, plaka eta haritza landatzea 2007ko azaroaren 2an Victoriako Immigranteen Plazan

EEko lehendakari Fabian Zorzabal (trajez) eta beste ordezkari batzuk haitza landatzen

“Basilika izendatzea ohore handia da guretzat eta honek sendotu egingo du gure eta Erromako Elizaren –eta buru duen Aita Santuaren– arteko harremana. Gainera gure elizbarrutiko ekintza liturgiko eta pastoralean eredu bihurtuko gaitu”, gaineratzen dute Victoriako fededunek.

Pandemiak eragindako egoera ahitzen denean eta konfinamendua bukatuta, izendapena ospatzeko programa berezi bat antolatzekotan dira Victorian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia