euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Victoria Aja pianojole bilbotarrak Paraná-n joko du gaur; ostiralean euskal argazki erakusketa bat zabalduko da

2007/10/17

Victoria Aja pianista bilbotarra
Victoria Aja pianista bilbotarra

PUBLIZITATEA

Paranako Urrundik Euskal Elkarteak adierazi du lehenengo pianistaren txanda izango dela, hileko 17an eta argazkilariaren erakusketak 19an irekiko ditu ateak. Victoria Ajak Círculo Médico auditorioan eskainiko du kontzertua eta aurreko hilabetean Argentina eta Uruguaytik hasitako nazioarteko birarekin aurrera egingo du. Mikel Arrazolak bestalde, Euskal Herriko jende eta paisaiaren inguruko 60 irudi baino gehiagoko bilduma erakutsiko du Martiniano Leguizamon Museo Historikoan.
Pianista bilbotarrak euskal musikagileen lanak joko ditu eta tarte bat eskainiko dio baita ere Manuel de Fallari, Kadizen jaio eta Argentinan, Cordobako Alta Gracia hirian, zendutako musikariari. Kontzertua Jose Mari Usandizagaren Rapsodia Vascongada-rekin hasi eta Aita Donostiaren Preludios Vascos-ekin jarraituko du. Ondoren Manuel de Falla-ren zatiaren txandari ekin ostean, Euskal konpositoretara itzuliko da berriro ere, Jesus Guridiren Lamento e imprecación de Agar obrarekin, ondotik Joakin Larreglaren La gran jota Navarra-rekin amaitzeko kontzertua.

Victoria Ajaren agerraldia Círculo Médico auditorioan (Urquiza 1135) gauzatuko da gaur ilunabarreko bederatzietan. Sarrerek 12 pesoko prezioa izango dute oro har, nahiz eta Urrundik eta Círculo Médico-ko bazkideentzat eta Musika Eskolako ikasleentzat 6 pesoko prezio apaldua gordeko den.

Arrazolaren erakusketa, ostiralean zabalduko

Bestalde, eta Mikel Arrazola argazkilari oñatiarraren “Eusko Irudiak” erakusketari dagokionez, etzi zabalduko da Paranán. Dagoeneko Argentina osoko hainbat euskal etxetan ibilia den erakusketa honek euskal gizartearen hainbat alderdi erakusten ditu: bertako herri eta hiriak, ohiturak, aintzinako kultura eta baita gaur egungo egoera ere, industria indartsu eta tradiziozko nekazaritza irudiak tartean. 60 irudi inguruk osatzen dute erakusketa.

Doan da Mikel Arrazolaren erakusketarako sarrera eta Paraná-n, Entre Ríos-eko Martiniani Leguizamon Museo Historikoan egongo da ikusgai. Inaugurazioa etzi iluntzeko zortzietan izango da. Urrundik-eko dantza taldeko kideak arituko dira ekitaldia euskal dantzez edertzen.


Lotura interesgarriak

Paranako Urrundik Euskal Elkartea
www.urrundik.com.ar


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia